Gazte elkarte eta erakundeei zuzendutako diru laguntzen deialdia zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak
Gazteria arloko osteguneko astialdiko programak garatzeko zuzendutako diru laguntzak dira, eta laguntzak eskatzeko epea abenduaren 7ra artekoa da.
Gazteria arloko osteguneko astialdiko programak garatzeko zuzendutako diru laguntzak dira, eta horien oinarriak argitaratu dituzte dagoenerako.
Diru laguntzekin aisialdiko, kulturako, prestakuntzako, hezkuntzako, elkartasuneko eta berdintasuneko jarduerak sustatu gura ditu udalak, baita ohitura osasungarriak bultzatu ere. Eta horretarako, 3.300 euroko diru laguntzak bideratuko dituztela jakinarazi du.
Gazteen artean sormena eta ohitura osasungarriak bultzatzen dituzten asialdiko eta denbora libreko programak ere bultzatu gura dituzte, eta horiek lantzen dituzten hezkuntza planak eta teknologia berrien erabilerarako proposamenak jasoko dituzte.
Jasotako eskaerak tokiko intereseko jardueretan parte hartzea sustatzen duten proiektuetara bideratuko dituztela jakinarazi dute. “Artea, kultura, balioetan heztea, ekimen solidarioak eta generoa eta inmigrazioa bezalako gaietan aukera berdintasuna sustatzen duten proiektuetara zuzenduko ditugu”, adierazi dute udal arduradunek.
Abenduaren 7ra arte. Erakundeek abenduaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak udaletxean dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.
Eskaerarekin batera, aurten burututako proiektuaren xehetasunak aurkeztu beharko dituzte interesatuek, baita proiektuaren aurrekontua zen den esan ere. Jakitera eman dutenez, interesa duten elkarte eta taldeak Gernika-Lumoko Udaleko elkarteen erregistroan izena emanda eduki beharko dute, baita Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan ere.