Kazetarien lana eta kazetaritza generoak ezagutu dituzte Seber Altube ikastolan
DBH 4. mailako ikasleekin bi saio egin dituzte HITZAko kazetariek
Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolako ikasleekin bi saio egin ditu gaur HITZAk. Kazetaritza generoak lantzeko saioak izan dira, eta testu mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleek.
Albistea, erreportajea, elkarrizketa eta iritzi testuak identifikatu eta horien ezaugarriak landu dituzte ikasleek, kazetarien laguntzarekin. Horrez gain, zalantzak argitzeko tartea ere hartu dute gazteek.
Paperean kaleratzen duten egunkariaz gain, Busturialdeko Hitzaren webgunea zer den eta zer biltzen duen azaldu dute HITZAko kazetariek: edizio jarraitua, multimedia ataleko argazki eta bideo galeriak zein albisteak herriz herri edo gairik gai biltzen dituzten atalak, esate baterako.
Ikastetxez ikastetxe, hainbat bisita egin dituzte HITZAko lankideek azken ikasturteetan, eta 2019-2020an ere ikasleekin kazetaritzari buruzko saio gehiago aurreikusi dituzte.