Taldekako faseko helburua bete du Lointek Gernika Bizkaiak
Talde gernikarrak 60-74 irabazi dio Uni Györ talde hungariarrari, Eurokoparen taldekako faseko azken aurreko jardunaldian. Play off-etarako txartela eskuratu du. Datorren astean, etxean jokatuko du taldekako fasearen azken partidua, Olivais FC talde portugaldarraren kontra. Bestalde, ligan Araskiren kantxa bisitatuko du zapatuan.
Eurokoparen play off-etarako txartela eskuratu du Lointek Gernika Bizkaiak. F multzoan bigarren geratu eta hurrengo fasera sailkatzea zuten helburu eta lortu dute. Taldekako faseko azken aurreko jardunaldia lehiatu zuten Hungarian atzo, eta 60-74 nagusitu zen Uni Györ taldearen kontra.
Garaipen argia, baina ez markagailuak adierazten duen bezain erraza. “Sufritutako garaipena” izan zela adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak partiduaren ondoren: “Partidu osoan lan nahiko egin behar izan dugu. Defentsa erasokorra eduki dute. Guk erasoan asmatzen jakin dugu. Eraginkortasunari dagokionez, denboraldiko partidu onenetakoa izan da”. Bigarren zatian defentsa lana hobetu zutela azpimarratu zuen, eta batez ere azken laurdenean partidua kontrolpean eduki zutela.
Joanekoan (F multzoko bigarren jardunaldian) indar erakustaldia eman zuen Lointekek Malosten; 77-41 hartu zuen mendean talde hungariarra. Hala ere, atzoko ez zela partidu erreza izango argi eduki dutela adierazi zuen Itziar Ariztimuñok: “Bagenekin partidu zaila zela. Gernikan puntu desberdintasun handia izan arren, kanpoan jokatzea oso zaila da, eta gehiago Uni Györren kontra, partidu guztian presionatzen duelako. Baina, jokalari guztiak oso kontzentratuta atera gara, eta parte desberdinetan gurea eman dugu”. Jokalariek egindako lanarekin eta hurrengo fasera sailkatzeagatik oso pozik daudela zehaztu zuen bilbotarrak.
Lehen zatian 50 puntu egin zituen talde gernikarrak, baloia kantxan erraz mugituz eta jokaldi egokiak aurkituz. Denboraldi honetako partidu batzuetan faltan botatako eraginkortasuna lortu zuten atzo jokalariek, “joko oso onagaz”. Defentsan indartsuago izatea falta izan zitzaiela esan zuen Lopezek.
Play offetan, Eurokopako 24 talde onenak egongo dira, eta entrenatzaile gernikarrak talde guztiak “kalitate handikoak” izango direla nabarmendu zuen: “Ez da erraza izango. Baina, pozik gaude denboraldiko lehen helburua bete dugu, eta gainera, ia partidu guztietan sentsazio onekin eta ondo jokatuta”.
Play offetan jokatzea “sari bat” dela zioen Ariztimuñok. “Orain ligan zein EuroCupean lanean jarraitu behar dugu, eta hobetzen saiatu behar gara”.
Datorren astean, Malosten. Abenduaren 4an [eguaztena] etxean jokatuko du taldekako fasearen azken partidua, Olivais FC talde portugaldarraren kontra (20:00).
Liga. Bestalde, Emakumezkoen Ligan 10. jardunaldia lehiatuko dute asteburu honetan, eta euskal derbia dago. Lointek Gernika Bizkaiak RPK Araskiren kantxa bisitatuko du zapatuan. 18:30ean hasiko da Mendizorrotzako partidua.
Dia Ligaren sailkapenean, talde indartsuenen artean mantentzen segitzen du Gernika-Lumoko taldeak. Spar Citylift Girona eta Perfumerias Avenidaren atzetik, hirugarren dago. 17 puntu ditu Gironako taldeak eta 16gaz daude Avenida eta Lointek. Araski zazpigarren postuan dago, 14 puntugaz.