Gaubeka: "Behatokia laguntza tresna bat da, giltza herritarrek daukate"
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kexak jartzeko balio du, baina kontsultak egiteko edota ondo egindako lana zoriontzeko ere erabiltzen da.
Hizkuntza Eskubideen Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntza eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein sozioekonomikoan, babestera zuzentzen du bere jarduera. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak argi dauka, baina, Behatokia laguntza tresna bat dela: “Akuilu bat gara. Pausoa herritarrek eman behar dute, herritarrek daukate giltza“.
2018an, ia 800 kexa jaso zituzten. Hala ere, Gaubekak gogorarazi gura du kexez gain, Behatokian badagoela entitate, enpresa edo erakunde bat zoriontzeko aukera ere, eta 58 izan ziren mota horretakoak. Gainera, hizkuntza eskubideei buruzko kontsultak egiteko aukera ere badago, eta hamar kontsulta inguru egin zituzten iaz.
Orokorrean, urtez urte kexa kopurua mantendu egiten da, nahiz eta urte batzuetan jendea erlaxatu egiten den: “Gaztelerara aldatu beharra onartua izateak edo utzikeriak berak eragina izaten du”. Hizkuntza eskubideeen urraketak euskararen territorio osoan ematen direla dio Gaubekak: “Egunero jasaten ditugu urraketak. Horren aurrean dugun erantzuna da giltza”.
Arlo publikoan, kexa gehienak, osasungintzan edota herritarren arretari lotutako zerbitzuetan ematen dira; justizia, udaltzaingo eta Ertzaintzarekin izandako harremanetan gertatutakoak ere “deigarriak” izaten dira: “Herritarrek euskaraz egin gura dutela eskatzeagatik, zenbaitetan ondorioak eta bestelako kontuetan arrazoitutako isunak ere jaso izan dituzte”.
Arlo pribatuan, berriz, merkataritza zentro handietan jarritako kexak nabarmentzen dira: “Gogoratu beharra daukagu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza zentro handiek hizkuntza eskubideak bete behar dituztela, baina ez betetzeak ez diete inolako isunik ekartzen, eta horregatik, askotan paso egiten dute. Kasu horietan herritarrok kontsumitzaile modura daukagun boterea azpimarratuko nuke. Kexa eginez eta ematen duten zerbitzuaren kalitatea hobetu dezaketela nabarmenduz, kasu askotan urraketak zuzendu egin dira”.
“Naturaltzat”. Gaubekak dio herritarrek askotan oso onartuta daukatela gaztelerara igaro beharra, eta zenbaitetan, naturaltzat ere hartzen dela: “Horrek herritarrengan bere hizkuntza eskubideak erreklamatzeko beharrik ez sentitzea dakar. Hortaz, Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Euskal Herri osoan eskaintzen dugun zerbitzua arrotz egiten zaie herritar askori. Hala ere, Euskal Herrian bada jende oso kontzientziatua eta horien kemena ere txalotzekoa da. Gaztelerara aldatzen dugun bakoitzean, zergatik aldatu dugun galdetu behar diogu geure buruari. Oztoporen bat aurkitu dugulako baldin bada, Behatokiaren ateak zabalik ditugu”.
Gaubekaren ustez, euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatu beharra dago.
Salaketa egiteko bideak. Bide ezberdinak daude Hizkuntza Eskubideen Behatokian kexa jartzeko. Alde batetik, euskararen telefonoa daukate: 94-814 61 72. Beste alde batetik, www.euskararentelefonoa.com helbidean, erabiltzaile izena eta norbere pasahitza sortuta kexa idazteko aukera ere badago. Modu horretan, herritarrak bere kexa, zorion edo kontsulta guztiak erregistratuta edukiko ditu, eta izapidearen jarraipena egin ahalko du.
Telefono uugikorretarako aplikazio bat ere badaukate herritarre eskura: Akuilari. “Oso praktikoa” da, zuzenean mugikorretik argazkiak edo bestelako frogak igotzeko aukera ematen baitu.