Errespetuzko elkarbizitzaren alde egin dute ikasleek
Gernika-Lumoko Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur Elai Alai aretoan. Guztira, sei bideo aurkeztu dituzte aurten, eta horien artean, Haur Hezkuntzako Goi Mailako ziklokoko ikasleen 'Denbora Challenge' lana izan da irabazlea.
Gernika-Lumoko Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna astelehenean izan zela arrazoi hartuta Elai-Alai aretoan batu dira udalerriko hainbat ikasle, eta lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi dituzte.
Guztira sei izan dira aurten aurkeztutako bideoak: Allende Salazar Ikastetxeko LH 6.mailakoen Guk nahi dugun mundua, San Fidel Ikastolako LH 6.mailakoen Zoriontoki, San Fideleko DBH 4.mailakoen Izan zaitez Beldur Barik, Zurea zeurea eta ez beste inorena eta Bai ahal dugu, Haur Hezkuntzako Goi Mailako ziklokoen Denbora Challenge eta OEH Ileapaindegiko bigarren mailakoen Ez itxi begiak tratu txarren aurrean. Horien artean, Denbora Challenge izan da irabazlea. Egileek Irati Martinez Agirrezabala Partaidetza eta Berdintasun zinegotziaren eskutik hartu dute saria; beste taldeek ere jaso dute diploma.
Onintza Enbeitak zuzendu du sari banaketa, eta Beldur Barik Lehiaketa Euskal Autonomia erkidegoko instutzioek antolatzen duten lehiaketa dela gogorarazi du. Gaurko ekitaldia, baina, Gernika-Lumoko Udalak bultzatu du, eta gazteen artean berdintasunari buruzko hausnarketa eta eztabaidak sustatu gura izan ditu, “errespetuzko elkarbizitza bat bultzatzeko”.
Gazteei eragin gura diete Beldur Barik lehiaketak, eurak baitira etorkizuna eraikiko dutenak. “Gazteek guk utzi diegun baino gizarte edo mundu hobeago bat eraiki beharko dute. Eurak dira berdintasunaren aldeko pausoak eman beharko dituztenak”, adierazi du Enbeitak. Horrez gain, lehiaketak gazteen sormena ere bultzatzen duela adierazi du: “Beldur Barik lehiaketari esker sormena garatzen dute gazteek, hausnartzeko libreak dira”.
Gero eta libreago. Beldurrak emakumeak ikaratu egiten dituela adierazita, libre bizitzearen beharra azpimarratu du Enbeitak: “Beldurrak lotu egiten gaitu, eta badakigu beldurraz biziz gero, ez garela libreak izango. Arriskuak beti egongo diren arren, ahal dugun bezain libre izaten saiatu behar gara. Horretarako garrantzitsua da beldur barik bizitzea”.
Hori lortzeko, baina, balio berriak zabaldu behar direla dio, eta hori gizarte osoari dagokiola azpimarratu du. Hala, ikasleen lanek balio horiek jorratu dituztela adierazi du: “Berdintasunerako bidean balore eta bizitzeko modu berriak egongo dira, eta elkartasun, berdintasun eta errespetuaren alde egiten duzuela argi utzi duzue zuen lanetan”.
Berdintasuna bultzatzeko egindako lana eta zabaldutako mezuak oso garrantzitsuak izan direla adierazi dute udal arduradunek. Ikasleen parte hartzeagaz oso pozik agertu dira, ez bakarrik egindako lanak oso onak direlako, baita ere Beldur Barik Lehiaketan gero eta zabalagoa delako udalerrian. Izan ere, gero eta lan gehiago dira lehiaketara aurkezten direnak, eta arduradunen hitzetan, hori seinale oso ona da: “Gero eta jende gehiagok parte hartu gura du”.
Irati Martinez Agirrezabala zinegotziak eskerrak eman dizkie ikastetxe eta ikasleei, eta datorren urtean ere lehiaketan parte hartzera gonbidatu ditu ikasleak: “Zuek zarete gure etorkizuna. Oso garrantzitsua da horrelako motibazioa izatea Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko. Datorren urtean pertsona eta bideo gehiago edukitzea espero dugu”.