Asteburu betea dakar Galerna Zine Festibalak Bermeora
Mota eta iraupen ezberdinetako filmak jartzeaz gain, tailerrak, hitzaldiak eta gehiago egongo dira Galerna Taldeak bigarren aldiz antolatu duen festibalean
Belaren mundua herritarrei hurbiltzeko helburuagaz eta iazko festibalak izan zuen arrakasta kontuan izanda, Galerna Taldeak Galerna Zine Festibala antolatu du aurten ere. Bihar hasi eta domekara bitartean, filmak baino gehiago eskainiko ditu.
Aurten, gainera, bidelagun berria daukate, Sail In Festival. Horiekin batera antolatu dituzte biharko ekimenak. 18:30ean hasita, bela eta emakumeari buruzko film labur batzuk eta Maiden filma ikusi ahal izango dira, Nestor Basterretxea aretoan. Gainera, bihar bertan, 11:00etan, Sail In Festivalegaz batera, gazteei zuzendutako tailerra egingo dute. Plastikoa eta ekonomia zirkularra izango dute aztergai parte hartzaileek.
Zapatuko eta domekako ekimenak, berriz, Kofradia Zaharrean egingo dituzte. Etzi, 18:30ean, Elkano lehen mundu bira filma jarriko dute. Horren ostean, Unai Baskurko nabigatzaile bizkaitarrak 2013. urtean Bilbotik Antartidara egindako bidaia azalduko du, eta Pakea espedizio Antartikoa dokumentala ikusi ahal izango dute herritarrek. Zapatuko hitzorduak ez dira hor amaituko; bertaratutakoek Thomas Simmonsen Coyote filma ikusteko aukera edukiko dute.
Domekan, 11:00etan hasita, Fernando Nuñez Mendieta ontziolako arotzak Master class bat eskainiko du, eta festibalari amaiera emateko, Vanishing sail filmaren proiekzioa egingo dute, Kofradi Zaharrean.
Galerna Taldekoek herritarrei jakinarazi gura die festibalaren baitako ekimen guztiak doakoak izango direla, eta parte hartzeko deia egin dute.