Txerriki Eguna hartuko du Muruetak, domekan
Eliz ospakizunaren ostean, txupinagaz batera zabalduko dute azoka, 11:45ean.
Abenduko lehenengo domekarekin batera dator Muruetara Txerriki Eguna; Aurtengoa 17. aldia izango da. Urtero legez, ekimen ugari prestatu dituzte domekarako.
Eliz ospakizunagaz batera emango diote hasiera Txerriki Egunari. Ondoren, txupina jaurtitzeagaz batera zabalduko dute azoka. Bertan, jaki desberdinak dastatu eta erosteko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Era berean, artisauek egindako produktuak ere egongo dira aukerak. Eta zelan ez, txerriki jana ere ez da faltako. Euria egiten badu, azokako salmahaiak aterpean jarriko dituztela jakinarazi dute.
Eguerdian, Euskal Kantu Tradizionalen Emanaldiak musikagaz girotuko du herriko plaza. Izan ere, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldea, Zornotzako Otxotea, Gernika-Lumoko Gure Arbola Zaharra elkartea eta EinGO Taldea igoko dira agertokira kantuan aritzeko. Tartean, Urdaibai Dantza Taldekoen emanaldia ere egongo da.
14:45 aldera, berriz, txerriaren zozketa egingo dute, eta jarraian kalejiran joango dira Kamiñoko jatetxeraino; bertan herri bazkaria egiteko batuko dira, hain zuzen ere. Bazkarira joan nahi duenak jatetxean bertan txartelak erosi ahal izango ditu.
EGITARAUA:
- 11:00. Meza.
- 11:45. Azoka zabalduko dute txupina jaurtitzeagaz batera.
- 12:00. Euskal Kantu tradizionalen eta Urdaibai Dantza Taldearen emanaldiak.
- 14:45. Txerriaren zozketa. Jarraian kalejira Kamiñoko jatetxeraino.
- 15:30. Herri bazkaria Kamiñoko jatetxean.