Merkataritza txikia eta euskara bultzatzen dituen Kaishop proiektuagaz bat egin du Gernika-Lumoko Udalak
Herrietako dendek ematen duten hurbiltasun, konfiantza eta aholkularitza agerian uzteko kanpainagaz bat egin du Gernika-Lumoko Udalak. Kontzientziak astintzeko euskarazko hainbat spot grabatu dituzte.
Merkataritza txikia eta euskara batzen eta sustatzen dituen Kaishop kanpainagaz bat egin du Gernika-Lumoko Udalak. Hala, Alkarbidek –Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak– martxan jarritako proiektua garatzen dabiltza udalerrian.
Merkataritza txikia eta euskarazko kontsumoa bultzatzeko beharra ikusi dute Bizkaiko hainbat udalerrik, eta merkatariekin egiten den ohiko lanketa egiteaz gain, bezeroak inplikatzea bilatzen duen kanpaina jarri dute abian.
Gaur egun azalera handietako zentro eta frankiziek konpetentzia handiegia egiten dietela herrietako merkatari txikiei aintzat hartuta, salneurriez eta eskaintza handiez haratago joan gura izan dute. “Aspalditik gure merkatariek garatzen duten herriak bizirik mantentzeko saiakerari bultzada bat emanez, gure dendek ematen diguten hurbiltasun, konfiantza eta aholkularitza agerian uzteko kanpaina da Kaishop”, adierazi dute Alkarbideko kideek.
Spot-ak. Azalera handiko merkatariek bultzatutako Black Fridaya ate joka dagoenean, Gernika-Lumoko udalak kontzientziak astindu gura ditu, eta horretarako, euskarazko hainbat spot publikatu ditu. Spot horietan, udalerriko merkatarien bezeroek inolako gidoirik gabe egungo teknologiari aurre egiten diote: “Umorea bide, erosketa birtualak egiteko jendeak erabiltzen dituen Alexa, Siri edo OK Google moduko tresnen hutsuneak agerian uzten dira”.
Bideo horiek Kaishopen Youtube, Instagram eta Facebook kontuetan ikus daitezke aste honetan zehar. Bizkaiko zazpi udalek eta bi mankominitatek parte hartu dute: Gernika-Lumoko, Getxoko, Mungiako, Erandioko, Basauriko, Ermuko, Leioako udalek, eta Txorierriko eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateek.