25.urteurrena ospatzen ari da Mundakako liburutegia
Atzo hasi eta abenduaren 5a bitartean ekintza ugari prestatu dituzte
25 urte pasa dira Mundakako J.M. Etxeita udal liburutegiak ateak ireki zituenetik, eta urteurrena ospatze aldera, ekintza ugari prestatu dituzte egunotarako.
Atzo hasi ziren eskolakoei zuzendutako Heziketa digitala tailerrarekin. Gaur, 18:00etan, Dragon Ball-en azken zenbakien aurkezpena egingo dute, eta biharko, berriz, familiarteko ikuskizuna prestatu dute: Didau taldearen Beldartxo jauna. 0 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako ikuskizuna dela jakinarazi dute, eta 18:00etan hasiko da.
Barikuan, 18:00etan ere, Izadia eta Geun liburuen aurkezpenak egingo dituzte. Liburuei buruzko zehaztasunak emateko, bertan egongo dira, hain zuzen, Garazi Albizua idazlea eta Josu Cabriada ilustratzailea.
Euskararen Egunean, abenduaren 3an, 14:30ean, Mundakako eskolako LH 1,2,3 eta 4.mailako ikasleek Lankuren Bertsol Haritza saioaz gozatu ahalko dute.
Abenduaren 4an, bestalde, helduek liburutegia ezagutzeko bisita antolatu dute; 18:00etan jarri dute ordua.
Azkenik, abenduaren 5erako, 6 urtetik gora dituzten umeei zuzendutako tailerra antolatu dute: Pop Up 3D. Tailerra amaitzerakoan, urteurrenari amaiera emateko azken ospakizuna egingo dute. 18:00etatik 20:00etara batuko dira liburutegian.
Euskara Eguneko saioa izan ezik, gainontzeko ekintza guztiak liburutegian izango dira.