Hutsik egin barik, jeltzaleek Aranaren heriotzaren urteurrena izan dute gogoan
Sukarrietan batu ziren atzo goizean Sabino Aranaren hilobi aurrean. Ondoren, ekitaldi politikoa egin zuten.
Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) sortzailearen heriotzaren 116. urteurrena izan dute gogoan alderdi horretako kideek, Sukarrietan. Urteroko hitzorduari eutsita, Sukarrietako hilerrian, Aranaren hilobi aurrean, bildu ziren EAJkoak, atzo goizean. Urtero egin legez, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zioten. 1.000 lagun inguru elkartu ziren Sukarrietako kanposantuan.

Jeltzaleak Sabino Aranaren hilobi aurrean. Argazkia: EAJ
Meza entzun ostean, ekitaldi politikoa egin zuten. Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente Andoni Ortuzarrek hartu zuen hitza Sukarrietan. Hala ere, berarekin egon ziren Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Eusko Jaurlaritzako sailburu Bingen Zupiria, Nekane Murga, Cristina Uriarte, Pedro Azpiazu, Josu Erkoreka, Arantza Tapia, Estefania Beltran de Heredia eta Beatriz Artolazabal, besteak beste.
EBBko presidenteak Autogobernu Lantaldearen lanen inguruan esandako gauza asko “kontraesankorrak eta nahasiak” direla esan zuen: “EAJk toki horretan eta beste guztietan Euskadiren autogobernua defendatuko du, gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko eta herri honek dauzkan eskubide historikoak defendatzeko”. Hala, EAJk “herri batekin, Euskal Herriarekin, eta Aberri batekin, Euskadirekin daukan konpromisoa berretsi eta indartu” gura izan zuen Ortuzarrek.

Andoni Ortuzar ekitaldi politikoan. Argazkia: EAJ
Bestalde, Ortuzarrek proposamen bat egin zien Espainiako estatuko gainontzeko alderdi politikoei, “Vox-ek gorpuzten duen ultraeskuindar faxista eta kaskarra erakundeetan isolatzea”. Modu horretan, “Vox-en neofrankismoaren eta autoritarismoaren inguruan hesi demokratikoa” ezartzea aldarrikatzen dute. Ortuzarren ustez, Vox ekuazio politiko demokratikotik atera beharra dago: “Hori egiten ez badugu, sistema demokratikoan instalatuko da, baina suntsitzeko helburu bakarrarekin. Lehenik autonomiak izango dira, gero hizkuntza nazionalak, gero emakumeen eta gizonen eskubide zibilak… berriro frankismora eraman arte. Eta ezin da halakorik gertatu. Eta Euskadin behintzat ez da gertatuko. Horra hor gainerako alderdi politikoei egiten diegun proposamena”.
EAJren ordezkariak Sukarrietan batu zirela aprobetxatu zuten sukarrietarrek protesta egiteko. Abiña Sukarrieta dela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten.