Marea granatearen indarragaz hasi du denboraldia Gernika KESBek
'Mareak garamatzan lekura' lelopean kanpaina egiten ari da klub gernikarra, eta talde guztien aurtengo denboraldiaren aurkezpena egin zuten atzo iluntzean, Malosten.
Gernika KESBek 2019-2020 denboraldiko talde guztiak aurkeztu zituen atzo iluntzean, Malosten. Beste behin, udalerrian saskibaloi harrobi indartsua dela agerian utzi zuten.
33 taldetako 500 bat jokalari hartu zuten kantxa, bertaratutakoen txalo zaparrada artean. Txikienetatik hasi, eta lehen mailako taldeko kideetara agertu ziren Malosten bilduta zeuden senitarteko, lagun eta zaleen aurrera. Ilusioz eta klub indartsua izateak ematen dien ohoreagaz egin zuten aurkezpen ekitaldia.
Amaia Lezamiz eta Ana Hormaetxe presidenteordeek Maloste bete zuten zaleei eskerrak eman zizkieten klubaren izenean, bai eta zuzendaritza taldeko kideei, entrenatzaileei, bolondres moduan klubean lan egiten duten eta klubari laguntzen dieten herritarrei ere.
Bestalde, EITBren elkartasun maratoiagaz bat egin zuten atzo, Lau teilatu kanta ezaguna abestuz. Haurren minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko kanpaina egiten ari da euskal komunikabide publikoa.
Dia Liga. Emakumezkoen Ligan 9. jardunaldia lehiatuko dute asteburu honetan, eta gaur arratsaldean Malosten jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. Duran Maquinaria Ensino talde galiziarraren eta etxeko taldearen arteko partidua 18:00etan hasiko da.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren berbetan, “errebotearen kontrola edukitzea eta partiduari gura duten erritmoa ezartzea” giltzarriak izango dira gaur. “Bat baten kontrako defentsan eta euren hiruko jaurtiketekin ere kontu handiz ibili beharko gara”.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean, laugarren dago talde gernikarra, 14 puntugaz eta hiru puntu gutxiagogaz bederatzigarrena da Lugoko taldea. Hala ere, galiziarrak ezustekoa ematen saiatuko dira Malosten. Orain arteko ligako partiduetatik hiru irabazi eta bost galdu ditu Ensinok. Azken bi jardunaldietan Prometeri (55-60) eta Avenidari (68-62) irabazita dator Gernika-Lumora.