Naberan: "Gure kultur ondarea zabaltzeko aukera paregabea da 'Harria Herria' lana"
Andrabide harrobian grabatu dute dokumentala, eta proiektuan parte hartu izanagaz pozik daudela esan du Gautegiz Arteagako alkateak
Abenduaren 7an estreinatuko da Harria Herria dokumentala, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren baitan. Gautegiz Arteagako Andrabide harrobian grabatu zuten film luzea, eta proiektuan parte hartu izanagaz pozik daudela esan du Juan Felix Naberan alkateak. “Kalitateagatik eta gaiari dagokionez, harro egoteko modukoa da kolaboratzaile gisa parte hartzea. Gainera, Gautegiz Arteagaren izena ezagutzera emateko eta gure kultur ondarea zabaltzeko aukera paregabea da”. Hala, herritar denak animatu gura ditu dokumentalaren aurkezpenera joan eta lan horrekin gozatzera.
Dimegaz Kultur Elkartearen proiektua da Harria Herria, eta Janire Etxabe eta Oier Plaza dira gidoigileak. Bost dantzari bertikal, eskalatzaile bat, Oreka TX taldea, Miren Narbaiza abeslaria eta Karmele Gisasola harri-jasotzailea dira proiektu horretako protagonistak. Denek batera, emakumearen figura ardatz duen irudikapen ikusgarria sortzen dute, egungo gizartean duen protagonismoa aldarrikatzeko.
Dokumentala BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia 2019 ekitaldiaren baitan aurkeztuko dute, abenduaren 7an, 19:30ean.