Maider Undagaz eta Richard Oribegaz egon dira Gautegiz Arteagako eta Mundakako umeak
Maider Unda borrokalariagaz eta Richard Oribe garun-paralisia duen igerilariagaz, kirolaren balioak landu dituzte Gautegiz Arteagako Montorre Herri Ikastetxean eta Mundakako eskolan.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Basque Team Fundazioak Busturialdean kirolaren baloreak sustatzeko akordioa daukate eta atzo Sentsibilizazio saioak eskualdeko herri txikietako eskola publikoetan hitzaldia eman zuten Maider Unda eta Richard Oribe kirolari olimpikoek, Gautegiz Arteagan eta Mundakan. Goizean batu ziren Montorre Herri Ikastetxeko ikasleekin, eta arratsaldean, berriz, Mundakako eskolakoekin.
2030 Agenda eta Garapen iraunkorreko 17 helburuak programetan oinarrituta burutu dute akordioa, eta atzokoa izan da aurten elkarlanean egin duten azken ekintza. Aipatu bi erakundeek, “balioak igortzeko eta eskualdean aberastasuna sortzeko” kirolak duen garrantzia zabaltzeko asmoargaz hartu zuten ekintzak antolatzeko konpromisoa.
Besteak beste, Emakumezko kirolarien eguneroko errealitatea: ezagutzen duguna eta ezkutuan dagoena izenburupean, kirolean berdintasuna bultzatzeko arratsaldea egin zuten Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, maiatzean. Ekainean, berriz, Zure pasioa zure negozioa kirol-ekintzailetzaren inguruko jardunaldia egin zuten Ekoetxea Urdaibain eta kirol egokituaren inguruko jardunaldia egin zuten Gernika-Lumon. Ager Solabarrieta ikus-urritasuna duen jaurtitzaile olinpiko ondarrutarragaz solasaldian batu ziren.