Trap gaua hartuko du Astrak, bigarrenez
Xsakara trap musikari bermeotarraren kontzertuagaz gozatu ahalko dute Astrara bertaratzen direnek. Antolatzaileek kulturarako fabrika sozialera hurbiltzeko deia egin dute, "ondo pasatzeko aukera delako".
Astrako gau tematikoak aitzaki hartuta, Trap Gaua ospatuko dute bigarrenez, zapatuan Astran.
“Iaz jende asko gerturatu eta jaiak arrakasta izan zuela ikusita, aurten ere trap gaua antolatzea erabaki dugu”, azaldu dute antolatzaileek, eta iaz egon ez zen zuzeneko kontzertua egongo dela aurreratu dute: “Iazko trap gauan ez zen zuzeneko emanaldirik egon, baia aurten Xsakara gerturatuko da, eta bere saioa eskainiko du”.
Bermeoko musikaria da Xsakara, eta apurka-apurka gero eta ezagunagoa izaten da Euskal Herrian. Aste honetan, esaterako, Gaztea irratiko Top Gaztea zerrendan lehenengo postua lortu duela azpimarratu dute Trap gaueko antolatzaileek: “Eskualdekoa da, gaztea, eta euskaraz egiten du. Gero eta gehiago entzuten den Trap estiloa abesten du gainera. Zapatukoa kontzertu ona izango da”.
Gau tematikoak. Astrako gau tematikoen barruan antolatu dute zapatuko jaia: “Urtean hainbat saio tematiko egiten ditugu Astran, eta horietako bat da zapatukoa”. Gazteen artean rap eta trapa musika estiloa gero eta gehiago entzuten dela ohartuta bultzatu dute: “Astra denona dela esaten dugu askotan, eta musika estilo desberdinak jorratzen ditugu, denon gustokoak. Rapa eta trapa gazteek gero eta gehiago entzuten dute”.
20:00etan zabalduko dituzte kulturarako fabrika sozialeko ateak, eta Xsakararen kontzertua 23:00etan hasiko da. Gero, gainera, Dj Tra-tra ariko da Astra musikatzen. Antolatzaileek Astrara hurbiltzeko deia egin dute: “Jantzi etxeko urre guztiak, atara iledun abrigua eta gerturatu trapeatzera”.