Australiar eta Euskal Herritarren arteko senidetasun bazkaria egingo dute zapatuan, Gernika-Lumon
Iazko azaroan lehenengoz antolatu zuten bi kulturen arteko bazkaria, eta iazko arrakasta ikusita, berriro egitea pentsatu dute. Australian egondako eta etorritakoei eta bi kulturei buruzko jakin-mina duen edonori gerturatzeko deia egin diete.
Duela urtebete sortu zen Euskal Australiar Alkarteak bi kulturen arteko harremana sendotzea du helburu, baita Australiara lanera joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutaraztea eta zabaltzea ere. Hori horrela, senidetasun bazkaria antolatu dute zapaturako Gernika-Lumon.
Antolatzaileen berbetan, asko izan ziren Lea-Artibai eta Busturialdetik Australiara lan bila joan eta urteak igarota Euskal Herrira bueltatu zirenak. Beste asko, baina, kontinente berrian geratu ziren lanean. Orain, emigratu eta itzuli zirenek bi herrialdeetan bizitakoak elkarbanatzeko eta kontatzeko aukera izango dute biharko bazkarian.
Iazko azaroan lehenengoz antolatu zuten bi kulturen arteko lehenengo bazkaria Gernika-Lumon, eta giro ezin hobean elkartu ziren bertakoak eta hangoak. Hala, iazko bazkariaren “sekulako” arrakasta ikusita, aurten ere berriz antolatzea erabaki dute; zapatuan Zimela jatetxean jarri dute bigarren hitzordua.
Australian egondako eta etorritakoei eta bi kulturei buruzko jakin-mina duen edonori gerturatzeko deia egin diete, egun «polita bezain hunkigarria» izango delako: “Bigarren bazkaria antolatu dugu aurten, joan zen urtean arrakasta itzela izan genuelako. Zapaturako gauza bera espero dugu”.
Lanaren balio handia
Euskaldunek Australian egin zuten lanari buruz informazio asko falta dela eta hori ezagutzea beharrezkoa dela deritze Euskal Australiar Alkarteko kideek: “Australian gure enbaxadoreak izandakoek egindako lana ezin dugu ahaztu, ezagutzera eman behar dugu. Memoria historiko hori ezin dugu galdu”. Eurek egindako lana eta han sortutako izen ona balioan jarri behar direla uste dute, bai eta euskal kultura, identitatea eta baloreak zabaltzeko eurek eginiko lana ere, “asko zor diegulako”.
Aurrerantzean ere, lan hori zabaltzen jarraituko dutela adierazi dute. Horretarako, ekimen desberdinak burutuko dituzte: liburuak argitaratu, argazki bildumak egin, bidaiak antolatu edota egun berezi bat antolatu urtean behin.
Elkartea sortzea zen lehen helburua, eta hori lortuta, euren lana egiteko gogotsu daude, “martxan gaude, eta hau geldiezina da”.
Elkartea orain dela urtebete sortu zuten, eta gehienak garai batean Australiara lanean joandakoen familiek osatzen dutela diote: seme-alabak, ilobak, emazteak, gizonak… Hala ere, diasporan adituak direnak ere taldearen parte dira.