Bertoko kontsumoaren aldeko sarea indartzen jarraitzen dute Ean
Bertoko Azokaren helburuak bete dituzte beste behin. Lehen sektorearen eta bertoko kontsumoaren aldeko apustuan beste pauso bat eman eta ogiaren inguruko kontsumo taldea sortu dute.
Ereindako haziak indartsu datozenean, eguraldiak ez laguntzea ez dela oztopoa erakutsi dute beste behin, eatarrek, natxituarrek eta bedarutarrek.
Bertoko Azoka biribiltzen doan proiektua da. Sendotu dute eta sare egonkorra daukate. Berton ekoiztutakoa berton kontsumitzea dauka oinarri eta orain arte egindakoagaz eta lortutakoagaz “oso pozik eta oso gustura daude”.
Lehen sektorearen eta bertoko kontsumoaren aldeko apustu horretan pausotxoak ematen ari dira: “Lehen sektorearen aldeko apustua oso aldapa gora dauka. Errigoraren hazia asko zabaldu da, Errigora lokal bat sortu dugulako”. Hain zuzen ere, Bertoko Azokaren ideia Errigoratik atera zuten: “Errigoraren garapena izan zela esan liteke. Hau da, posible bada barazkiak Erriberatik herrira ekartzea, zergatik ez dugu berton egiten dugun apurra modu lokal batean antolatzen?”
Lehenengo Bedarokelagaz gauzatu zuten helburua, eta apurka-apurka erronka zabaldu dute. Berton egiten den okela berton kontsumitzetik hasi ziren, eta iaz berton erein eta berton ekoizten den indaba apurra bertokoei eskaintzea erabaki zuten.
Bertoko kontsumoaren aldeko esparrua zabalduz doaz, eta oraingoan, beste jauzi bat eman dute. “Ekarpen berria da; ogiaren inguruan ere beste talde bat sortu dugu”. Oraskagaz 21 pertsonako kontsumo taldea osatu dute. Horrela, Natxituan, Ean eta Bedaronan jarraikortasunez ogiak hartuko dituzte.
Zapatuko Bertoko Azokan aurkeztu zuten kontsumo taldea. Bertoko indaba, ogia, piper txorizeroa, kalabazak, tomateak, eztia… jarri zituzten salgai Donibane Enparantzan, eta saltzaileek dena saldu zuten. Eta ia 500 kg Bedarokela banatu zituzten; Ean 380 kg eta Ispasterren 100 kg. Azaldu dutenez, Bedarokelak “53 pertsonaren presentzia ziurtatzen du”, eta horrekin batera, eskaintzen dituzten gainontzeko produktuek onarpen zabala daukate.
Azoka eguna borobiltzeko, sasoiko produktuagaz egin zuten bazkaria. 30 bat lagun batu ziren Indaba janean, eta Txominzopa ere dastatu zuten: “Lehen indabari ura bota, salda atera eta salda hori aprobetxatzen zen ogia, arroza edo fideoak gehituta jateko. Indabei ateratako salda aprobetxatzeko modua izaten zen. Oso ondo sartu zen zapatuan; epel-epela, barruak berotzeko oso ondo etorri zitzaigun”.
Beste behin, helburuak bete dituztela azpimarratu dute: “Eguraldiak eragina izan zuen espazio egoki baten falta eduki genuelako. 13:30ak aldera arte ez zuen atertu eta horrek jende asko atzera bota zuen. Hala ere, gure helburuak ondo beteta daude. Nahiz eta eguraldiak lagundu ez, badaukagu masa garrantzitsu bat lau hilabeteroko hitzordu honi erantzuten diona”, azaldu dute Bertoko Azokaren kideek.