"Euskal gizartearen parte garen ijitoak gara"
Herri ijitoari omenaldia egin diote Gernika-Lumoko Batzarretxean gaur, eta ijitoak euskal gizartearen parte direla argi utzi dute. Bihar Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Herri Ijitoen Eguna ospatuko dute Barakaldon.
Bihar Bizkai, Gipuzkoa eta Araban egingo den Herri Ijitoen Egunaren ospakizunagaz bat egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, eta euskaldun sentitzen diren ijitoei harrera egin diete gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak eta Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Aniztasun zuzendariak egin diete harrera.
2004eko azaroaren 8an aukeratu zuten azaroaren 16a Herri Ijitoaren Naziaorteko Eguna izatea, eta gaur, Gernikako Arbolaren aurrean elkartu dira.
Ramon Motos Euskadiko Ijito Kontseiluaren presidenteordeak plazerra dela Batzarretxean elkartzea onartu du, eta eurak ere euskal gizartearen parte direla aldarrikatu du: “Euskal gizarte pluralaren parte gara. Gizarte inklusiboa da, kultur aniztasun askokoa. Duela 500 urte inguru iritsi ginen, eta elkarrekin bizi gara. Horregatik, euskal gizartearen parte garen ijitoak garela aldarrikatzen dugu”.
“Arbolaren adarrek euskal herritar guztiak babesten dituzte. Aniztasunaren errespetuan oinarrituta, berdintasunean elkarrekin bizi beharra islatzen du irudiak”, adierazi du Ana Otaduik. Halaber, herri ijitoa Bizkaiko beste herri bat gehiago dela adierazi du: “Bizkaiko udalerrien topagunea da Gernikako Arbola. Nekez aurkituko dugu leku hoberik, Euskadiko Herri Ijitoen egunaren bezperan biltzeko. Izan ere, ijitoen herria, Bizkaiko beste herri bat gehiago da”.
Herri baketsu bat eraikitzeko orduan, giza aniztasuna, elkarbizitza eta gizarteratzea sustatzea beharrezko zereginak direla adierazi du Otaduik, eta Euskadiko Ijitoen Kontseiluak egiten duen lana azpimarratu du: “Zuen kultura ezagutarazten eta normalizatzen egiten duzuen lana oso garrantzitsua da, eta askotan egiteko zaila”.
Irene Muguruzak euskal gizartearen aniztasuna azpimarratu du, eta ijitoak Euskal Herrian finkatu zirela 500 urte baino gehiago pasatu direla adierazi du: “Euskal herritarrak zarete. Herri Ijitoaren integraziorako eta sustapenerako plana onetsi zenetik 15 urte pasatu dira, eta denontzako den herrialdea eraikitzeko lan asko egin dugu ordutik. Gizarte bateratu bat sortzeko”.
Ijitoen elkarteek ijitoen kultura gizarteratzeko aktiboki lan egiten duela adierazi du, eta Eusko Jaurlaritzako enplegu eta gizarte politiken sailak bultzatutako tratu berdintasunerako eta diskriminazioa saihesteko Era Berean sarean daudela esan du: “Era Berean sareak berdintasuna bultzatzeko lan egiten du gizarteko talde ezberdinekin; tartean daude ijitoen elkarteak”.