Astelehenean hasiko dira XXIV. Arkeologia Jardunaldiak
Arkeologia jardunaldiek hiru hitzaldi, Oñatira irteera eta zine emanaldia dakarte. Pedro Castaño arkeologo bizkaitarra omenduko dute aurten 24. urtez antolatu duten hitzorduan.
Astelehenan hasiko dituzte Agiri arkeologia elkarteak antolatzen dituen jardunaldiak. Bi urtean behin egiten dituzte, eta aurten, 24. edizioan Pedro Castaño arkeologo bizkaitarra omenduko dute.
Hala, arkeologoak urte luzez egindako lanari balioa emago diotela azaldu du Juan Carlos Quintana Agiri arkeologia elkarteko kideak: “Castaños arkeologo eta zoologo ezaguna da, prestigio handikoa Iberiar penintsula osoan. Bizkaitarra da eta Agirigaz urte luzez egin du lan”. Elkartearen 30 urteetan zehar, ikerketa guztietan animalien hezurrak ikertu ditu bizkaitarrak. “Ispaster, Forua edota Santimaminen aurkitutako animalien hezurrak landu ditu”, adierazi du. Iaz jubilatu zen Castaños, baina oraindik ere zenbait ikerketa egiten dituela esan dute.
24. urtez antolatu dituzte jardunaldiak, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako kultura eta arkeologia ondarea aztertzeaz eta kontserbatzeaz egiten duten lana ezagutarazi gura dute: “Beti iluntasunean egiten dugu lan, eta gure jarduerak hedabide espezializatuetan publikatzen ditugu, baina jardunaldiek egindakoa herritarrei erakusteko balio dute”.
Hiru hitzaldi, zine saioa eta irteera. Zine proiekzioa, Oñatiko Arrikrutz haitzulora bisita eta hiru hitzaldi eskainiko dituzte aurtengo arkeologia jardunaldietan. “Formatu hau erabiltzea pentsatu genuen duela urte batzuk, eraginkorragoa eta entretenigarriagoa zela pentsatzen genuelako. Eta jende gehiago gerturatzen eta animatzen da”, adierazi du Quintanak.
Asteleheneko hitzaldia, omenduko duten Castañosek zuzenduko du eta arkeologia eta zoologia landuko ditu. Bertan historiaurreko ehiztariek animaliak zelan kudeatzen zituzten azalduko du. Aurretik, baina, aipatu omenaldia egingo diote, “elkarlanean ikertutakoa nabarmenduz”.
Manuel Ramon Gonzalezek zuzenduko du martitzeneko hitzaldia, eta Kantabriako katedratikoak Ason ibaiaren haranean historiaurrean gertatutako eraldaketak kontatuko ditu. 30 urtetako ikerketa lana dela zehaztu du Quintanak.
Hirugarren hitzaldia, berriz, Artza Villaluengak zuzenduko du. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria da, eta leizeetako hartzetan espezializatua. “Hartz horiei buruzko ikerketa asko abiatu ditu, eta ikerketa horiei buruzko aurkezpena egingo du”.
Zine proiekzioan Portugalgo arkeologia proiektu handi baten nondik norakoak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. “90ko hamarkadan estatu mailako presa handia eraiki gura zuten Portugalen, baina ustiaketa lanekin hasi zirenean, paleolito garaiko marrazkiak agertu ziren. Hala, obra gelditzeko herri mobilizazioak antolatu zituzten eta lanak gelditu”, azaldu du Quintanak.
Dokumentalak ordubete inguru irauten du, eta garai hartako testigantzak jasotzen ditu: “Mobilizazioetan parte hartu zuten herritarren adierazpenak biltzen ditu ikus-entzunezkoak, baita ikerlarienak ere. Ez dira falta, gainera, proiektua zuzentzen zuten arduradunenak. Oso polita da”.
Irteera Oñatira. Castaño eta Villaluengagaz fauna aztertuko dute bertaratzen direnek, eta jardunaldiak borobiltzeko, leizeetako hartzen bizitokia izan zen Oñatiko Arrikrutz kobara egingo dute bisita zapatuan. “Publiko guztientzako ahalbidetuta dagoen haitzuloa da”, adierazi du Agiri elkarteko kideak.
Hori horrela, herritarrak arkeologiara gerturatu gura dituzte datorren astean zehar, eta hitzaldi, proiekzio eta irteerara gerturatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Egutegia
Astelehena, azaroak 18
19:00. Hitzaldia Elai Alai aretoan Pedro Castañosegaz.
Martitzena, azaroak 19
19:00. Manuel Ramon Gonzalezek zuzendutako hitzaldia Elai Alai aretoan.
Eguaztena, azaroak 20
19:00. Leizeetako hartzei buruzko hitzaldia Aritza Villaluengagaz Elai Alai aretoan.
Barikua, azaroak 22
19:00. Pelea en la presa dokumentalaren proiekzioa Elai Alai aretoan.
Zapatua, azaroak 23
09:00. Oñatira joateko hitzordua Gernika-Lumoko autobus geltokian.