Udal zaharren egoitzak Nagusien Eguna ospatuko du etzi
11:00etan emango diote hasiera jai egunari, mezarekin.
Urtero modura, Sancti Spiritus udal zaharren egoitza Nagusien Eguna ospatzera doa; etzi izango dute jai eguna. Urterojo jai egun horren bitartez, egoiliarrak protagonista sentiarazi gura dituzte.
Jardueraz betetako eguna antolatu dute, egoiliarrek eta euren familiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten; izan ere, familiek protagonismo handia izaten dute egun horretan.
11:00etan emango diote hasiera jai egunari, mezarekin. Ondoren, bi egoiliar omenduko dituzte: Carmen Jaio eta Carmen Uribarri.
Omenaldiaren ostean, herriko taldeen emanaldien txanda izango da. Lehenengo, Alkartasuna Dantza Taldeko ume eta gaztetxoek prestatutako dantza ekitaldiarekin disfrutatu ahal izango dute. Dantzen ostean, Erroxape Abesbatzaren kantuek girotuko dute zaharren egoitza. Goizeko egitarauarekin amaitzeko, egoiliarrek sortutako koreografia egingo dute eta egoitzako koroak abestuko du.
Arratsaldean, jai giroan murgilduta jarraituko dute. Dantzatu Gurekin taldearen dantzekin ondo pasatzeko aukera edukiko dute 17:30ean, eta horiek amaitu ostean, eta jai egunari amaiera emateko Erroxapeko martxakoak sartuko dira bere kantu eta dantzekin.