Ezagutzen dutena ezagutarazten
Diabetesaren Nazioarteko Egunez, gaixotasuna ezagutzera eman eta prebenitzeko aholkuak eman dituzte Gernika-Lumoko ospitalean.
Diabetesaren Nazioarteko Eguna izan da gaur, eta informazioa ematen eta azukrearen proba egiten aritu dira Gernika-Lumoko Ospitalean.
Azukrearen proba egiteagaz batera, pisatu eta gorputz masaren indizea (GMI) neurtu dizkiete herritarrei. “Gantz asko edukitzeak organoen funtzionamendu egokia oztopatzen dute, eta horren berri ere ematen dugu”.
Endokrinologia saileko ospitaleko kontsultategiko profesionalen ekimenez, Diabetesaren Nazioarteko Egunez, gaixotasuna ezagutzera ematen ari dira azken urteotan ospitalean. Gainera, pazienteek eurek egiten dute bolondres lana: “Azukrearen probaren emaitzak jasotzen ditugu baina izenik jarri gabe. Norbaitek maila altua badauka familia medikuarengana bideratzen dugu”. Azaldu dutenez, urteren batean gertatu zaie norbaiti proba egin eta diabetesa antzematea.
Kirola eta elikadura
Gaixotasunagaz lotutako askotariko informazioa biltzen duten esku orriak izaten dituzte mahai gainean: diabetesak gidatzerakoan daukan eragina, gimnasioetako makinak erabiltzeko aholkuak, gaixoek etxean egin ditzaketen ariketa errazak, lasterketa egiteko zintan egiteko ariketa taulak, oin diabetikoa artatzeko aholkuak…
Diabetesa daukatenentzat zein gaixotasuna saihesteko kirola egiteaz gain, elikadura zaintzea ere behar-beharrezkoa da eta horretaz kontzientzia hartzeko informazioa ere ematen dute urtero. “Kaltegarria diren elikagaiak zeintzuk diren, neurriz zeintzuk jan behar diren eta osasungarrienak zeintzuk diren azaltzen diegu”, azaldu dute bolondresek. Horrez gain, kalorien araberako dietak jasotzen dituzten informazio orriak dituzte behar dituztenarentzat eskuragarri.