35. Milla Herrikoia egiteko batuko dira etzi, Lurgorri auzoan
16:00etan emango diote hasiera Gernika-Lumoko kirol ekimenari. Parte hartzaileak lau mailatan banatu dituzte.
Gernika-Lumoko Milla Herrikoia udalerriko eta eskualdeko txiki eta gazteentzako hutsik ezin egin gabeko hitzordua bilakatu da urteak pasa ahala. Aurten gainera urteurren berezia betetzen du kirol ekimenak: 1984. urtean egin zen lehen aldiz, eta beraz aurtongoa Milla egiten duten 35. aldia izango da.
16:00etan emango diote hasiera Gernika Atletismo Klubak eta Kiroletako Udal Patronatuak antolatzen duten 35. Millari. Bigarren urtez Mestikabaso, Lurgorri eta San Jose auzoko bi biribilguneen artean egingo dute ekimena.
Iaz egindako aldaketagaz pozik agertu dira antolatzaileak. “Erdigunean egitea neska-mutilentzat eta herriarentzat beste gauza bat den arren”, iazko Millak harrera ona izan zuela nabarmendu dute, bai parte hartzaileen zein horiek animatzera eta ikustera hurreratu zirenen artean.
Izan ere Mestikabasotik egingo duten zirkuitua aproposa dela diote: “korrika egiteko teknikoki aproposa da, eta ikusleentzat ere oso leku ona da; edozein puntutik lasterketa osoa ikusteko aukera dago”.
620 parte hartzaile. Zapatuko proban 620 korrikalarik izena eman dute dagoeneko; tarteka egingo dute lasterketa. Gernika-Lumoko bost ikastetxeetako ikasleak ariko dira bertan: Allende Salazar, Barrutia eta Mertzede eskoletako eta Seber Altube eta San Fidel ikastoletako ume eta gazteek parte hartuko dute, hain zuzen ere.
Korrikalariak ez dira gernikara mugatuko, baina. Muxikako Urretxindorra eta Gautegiz Arteagako Montorre eskoletako ikasleak ere ariko dira Millan. Hurreratuko diren ikusleen kopuruaren aldetik, 1.500 bat lagun hurreratzea aurreikusi dute.
Aurrekoetan egin modura, lau mailatan banatu dituzte parte hartzaileak: aurrebenjaminek 167 metroko distantzia egin beharko dute; benjaminek 334 metro; 721 metro alebinek; amaitzeko ume, kadete, gazte, junior, senior eta beteranoek 1,609 metro egingo dituzte, miliaren distantzia homologatua. Azken horiek zapatuan bertan izena emango dute.
Ostean, sari banaketari ekingo diote. Aurten Milla Herrikoiak urteurren berezia betetzen duela aprobetxatuta, omenaldi txiki bat egingo dutela azaldu dute antolatzaileek. Aldaba Aldizkariak jarri zuen ekimena martxan 1984ean, eta aldizkariko ordezkariei plaka bat eskainiko diete, “esker ona adierazteko”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Mestikabaso kaleko zirkulazioa 15:30etik itxita egongo da. Ekimenak 19:30era arte irautea aurreikusten dute, eta ordura arte itxiko dute. Auzotarren zein auzoko ostalarien partetik izandako laguntza nabarmendu dute.