Etxebarriazarragak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa
Gernikarra 165,5 puntugaz sailkatu da finalera. Mikel Retolaza eta Koldo Gezuraga sailkatu dira bigarren eta hirugarren hurrenez hurren. Bigarren kanporaketa Ariatzan izango da, barikuan.
Barikuan hasi zuten Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, eta Aitor Etxebarriazarragak bildu zituen puntu gehien. Ondorioz, Astrako finalean egongo da gernikarra.
Lehiakortasuna baztertuta, familiarteko giroan jokatu zuten barikuan txapelketaren lehen kanporaketa Errigoitiko txokoan. 165,5 puntugaz nagusitu zen Etxebarriazarraga, eta lau puntu gutxiagogaz sailkatu zen bigarren Mikel Retolaza busturiarra; 161,5 puntu eskuratu zituen. Koldo Gezuraga gernikarra izan zen hirugarrena, 158 puntugaz.
Gezuragarengandik bost puntu eta erdira sailkatuta, Koldo Muñiz Foruko bertsolari gaztea sailkatu zen laugarren, 152,5 puntugaz. Haren atzetik, Gurutz Uruburu muxikarrak 141 puntu bildu zituen, eta Unai Agirre gernikarrak, berriz, 126.
Barikuko hitzordua, Muxikan. Hiru barikutan lehiatuko dituzte kanporaketak, eta datorren barikuan Ariatzako Atxelipe Txokoan daukate hitzordua eskualdeko bertsozaleek. Lurdes Ondaro, Nagore Beitita, Ander Elortegi, Eneko Aldana, Beñat Bilbao eta Ibai Amillategi bertsolariek parte hatuko dute bigarren kanporaketa horretan.
Barikukoa doako saioa da, baina afarirako 15 euro ordaindu behar dira. 21:00etan hasiko da afaria, eta Atxelipe txokoan edota 688 63 60 97 telefono zenbakira deituta izan eman behar da.
Azaroaren 29an, Belendizko txokoan lehiatuko dute hirugarren eta azken kanporaketa. Julen Arzanegi, Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Jon Arano, Enare Muniategi eta Iker Uriarte bertsolarien txandda izango da orduan.
Finala, berriz, abenduaren 13an (barikua) jokatuko dute, Gernika-Lumoko Astran.