Bat eginda, pentsio duinen aldeko aldarria zabalduko dute Bilbon
Sindikatu guztiak batuko dira zapatuko mobilizazioetan, eta gazte mugimenduek ere bat egingo dute. Zapatuko eta aurreranzko deialdietan egoteko atxikimendua adierazi dute, gainera, feministek eta 4.300 kide inguru dituen Euskal Dendarien Elkarteak. Herritarrei ere, parte hartzeko deia egin diete.
Gaur egungo eta etorkizuneko pentsio justu eta duinen alde egiteko Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Eibarko kaleak beteko dituzte pentsiodun eta herritarrek zapatuan; Busturialdeko pentsiodunek eskualdeko herritarrei Bilboko mobilizaziora joateko deia egin diete.
Orain dela bi hilabete hasi zuten ikasturtea pentsiodunek, eta euren aldarriak kalera ateratzen dituzte astelehenero. Halaber, Madrilerainoko martxa egin zuten orain dela hilabete bat inguru, eta mozioak ere aurkeztu dituztela gogorarazi dute. Zapatuan, baina, ez dira bakarrik egongo, izan ere, sindikatu, elkarte eta herritarrek euren atxikimendua adierazi diete. “Sindikatu guztiak batuko dira zapatuko mobilizazioetan, eta gazte mugimenduek ere bat egingo dute. Zapatuko eta aurreranzko deialdietan egoteko atxikimendua adierazi dute, gainera, feministek eta 4.300 kide inguru dituen Euskal Dendarien Elkarteak“, adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek.
Lau zutabetan antolatuta aterako dira Moyua plazarantz. Deustun, Arenalean, Gran Vian eta Zabalondoko enparantzan jarri dituzte geralekuak. Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrak Arriaga aurrean elkartuko dira 17:15ean, eta handik abiatuko dira udaletxe aurrerantz. Manifestazio jendetsua izatea aurreikusi dute, eta jai giroan bukatzea espero dute. Amaieran, udaletxe aurrean manifestu bat irakurriko dutela diote; euskaraz Xabier Amurizak irakurriko du eta erderaz Toti Martinez de Lezeak.
Bilbora joateko deia egin dute pentsiodunek, eta eskualdekoak trenez joango dira. Gernika-Lumoko geralekutik 16:10ean aterako den trena hartzeko hitzordua ezarri dute.
Hauteskundeen eragina. Oraindik bide luzea dutela egiteko adierazi dute busturialdeko pentsiodunek, baina borrokan jarraituko dutela argi dute. Hauteskundeetako emaitzek egoera “ilundu edo nahastu” egin dutela diote: “Gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, pentsio duinen alde egingo dugula argi dugu. Berdin jarraituko dugu, kalean aldarrikatzen”.
Pentsiodunek ez dakitela Espainiako Gobernua zelan eratuko den adierazi dute, baina politika sozialak eraikitzeko unean pentsiodunen aldarriak kontuan hartzeko eskatu dute: “Ez dakigu zer gertatuko den, eta gobernua nortzuk eratuko duten, baina gure aldarrikapenak ezin dira geratu gobernu baten edo bestearen menpe. Finkatu egin behar dira, eta denek errespetatu behar dituzte.”.
Aldarrikapenak. Norbanakoen duintasunaren alde egitea “ezinbestekoa” dela diote: “Prekarietateari aurre egiteko borroka honetan albora begira geratzea ez dela zilegia uste dugu”. Hala, orain arteko “lorpen txikiei” eutsi, eta “betiko” aldarrikapenak kaleratuko dituzte zapatuan.
“Bi urte pasatu dira, eta iraultza horretan jarraitzen dugu, kalean aldarrikatzen. Eskatzen ditugun puntu garrantzitsuenetariko bakar bat ere ez dugu lortu, aurrerapen batzuk egin ditugun arren. Denok dakigu aldarrikapenak kalera ateratzen ez baditugu, ez dagoela ezer lortzerik”, adierazi dute.
Hori horrela, bizitza duin, justu eta berdintsu baten alde egitea beharrezkoa dela deritze. Europako Gutun Sozialaren exigentziak betetzeko helburuagaz, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatu dute, baita gutxieneko 1.200 euroko soldata duinak ere, “hortik etorriko baitira etorkizuneko pentsioak”. Gainera, 2010. eta 2012ko pentsio erreformak deuseztatzea eta 2011. eta 2013. urteetan ezarritako pentsio erreformen “alde atzerakoiak” indargabetzea ere. Gainera, gizon eta emakumeen arteko arrakalagaz apurtzea ezinbestekoa dela diote, eta ez bakarrik pentsioetan, baita soldatetan ere.
40 urte lanean egon den aurre jubilatua ez zigortzeko ere eskatzen dute, eta pentsiodunei dagozkien kontuetan erabakitzeko aukera izatearen alde egiten dute. Halaber, diru publikoz ordainduak diren osasun zerbitzu eta prestazioak legez bermatzea ere eskatzen dute.