Spar Citylift Girona menderatu dute zortzigarren jardunaldian. Defentsa lan bikaina egin eta 65-68koa jarriz zuten markagailuan. Azken minutuetan lortutako aldea kudeatu behar zuten Lointekeko jokalariek, eta hala egin zuten.

Ezustekoa eman zuen Lointek Gernika Bizkaiak Gironan. Partidu bikaina jokatu, eta ez dagoela ezinezkorik erakutsi zuen, beste behin. Zortzigarren jardunaldian partidarik galdu gabe zegoen egungo ligako txapelduna hiru puntugatik menderatu zuten.
Nor baino nor gehiago lehiatzeko gai direla erakutsi zuten talde gernikarreko jokalariek, eta Spar Citylift Gironari 65-68 irabazi zioten. Erasoan, erritmoan zein taktikoki nagusi izan ziren talde gernikarrekoak. Roundtreek hartu zuen erasoko ardura, eta partidu guztian zehar puntuak eskuratzeko lan egin zuen; guztira hamazazpi puntu lortu zituen. Nogaye Lo bikain aritu zen defentsa lanetan, eta Milicek hirugarren laurden oso ona jokatu zuen. Partiduaren kontrola, berriz, Ocetek eraman zuen, hirugarren laurdenean lesionatu zen arte. Aste bitartean Europako partidua jokatu zuten bi taldeek, baina indartsu iritsi ziren jokalariak.
Indartsu ekin zion norgehiagokari Lointekek, eta lehenengo bi minutuetan 0-9 aurreratu zen markagailuan. Wotjak, Dietrickek eta Roundtreek lortu zituzten lehenengo puntuak, eta zonakako defentsagaz sendo aritu ziren atzean taldekide guztiak. Etxekoak, baina, estutzen hasi ziren, eta Coulibaly eta Palauren saskiratzeekin gerturatu egin ziren, 16-17. Azken minutuetan aurretik jarri ziren Gironako jokalariak, eta puntu bakarragatik irabazi zuten laurdena (22-21).
Lointek Gernika Bizkaiak bazekien sufritu egin beharko zuela irabazteko, eta hala gertatu zen. Lau aldaketa egin zituen Mario Lopezek bigarren laurdenaren hasieran, eta zonakako defentsa eta banakakoa txandakatu zituen. Aurretik ziren markagailuan, eta Arrojo eta Roundreek bikain jokatu zuten elkarregaz. Laurdena bukatzeko hiru minuturen faltan, 27-32koa zegoen markagailuan, eta bosteko paregabea kantxaratu zuen Gironako taldeak; hirukoen jaurtiketetan bikain aritu ziren, zortzitik bost saskiratuta. Hala ere, sendotasuna erakutsi zuten talde gernikarreko jokalariek, eta aurretik mantendu ziren (32-34).
Berdintasuna bukaerara arte. Bigarren zatian Gironak estutu egin zuen, baina Roundtreek eta Milicek erantzun egin zuten. Erreboteak eskuratu zituen Milicek, eta saski azpian ere bikain aritu zen. Lau puntu aurretik ziren Lointekekoak. Spar Citylift Gironak erasoan asmatu zuen orduan, bai eta defentsan ere. Hala, hiru baloi galtze eragin zituzten, eta markagailua irauli zuten. Puntu bat aurretik jarri ziren, baina Mazionyteren hirukoak 51-52koa jarri zuen.
Azken laurdena puntu bakarreko aldeagaz hasi zuten, eta berdintasuna nabaritu zen hamar minutuetan zehar. Girona aurretik zen momentuetan burua hotz eduki zuten Lointekekoek, eta denboraldi osoan egindako talde jokoari eutsi zioten. Partiduaren azken minutua bi puntuko aldegaz hasi zuten talde gernikarrekoek, eta jaurtiketa libreen lerrotik Roundtreek bakarra sartu zuen. Azkenera arte sinetsi zuen, eta meritu handiz markagailuko aldea defendatu eta irabazi zuten.
Denboraldi hasiera “bikaina”. Garaipen ikaragarria izan zen, eta Mario Lopezek egindako lana eta lortutako garaipenaren garrantzia azpimarratu du: “Lorpen handi bat da, taldearen denboraldi ona berresten duena. Eguneroko lan bikaina islatzen du”. Azken minutuetan lortutako aldea “ondo” kudeatu zuten jokalariek, eta defentsan lan bikaina egin zutela dio entrenatzaileak: “Zenbait hutsegite izan ditugu jaurtiketa libreetan, baina partiduko azken minutuak ondo kudeatu ditugu, eta defentsan oso ondo aritu gara. Aldaketa asko egin ditugu, eta errebotea zaindu dugu”. Girona talde bikaina dela uste du Lopezek, eta liderrari irabazita etxera bueltatzea “oso pozgarria” dela onartu du.
Asteburu honetan atseden hartzeko aukera edukiko dute jokalariek, ez baita ligako ezta Europako partidurik egongo. “Denboraldi hasiera oso ona egiten ari gara. Hasierako bi porrotak kenduta, erregularrak izan gara, eta etxeko norgehiagokak ondo kudeatu ditugu. Denboraldi hasierako balorazioa oso ona da. Talde lan eta giro ederra daukagu”, adierazi du Lopezek.