Zazpi hilabetetan, bigarrenez
Apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean gobernua eratu ez dutenez, Busturialdeko 37.947 biztanle daude deituta botoa ematera.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte etzi; zazpi hilabetetan bigarrenak. Apirilaren 28ko emaitzekin ez dute Espainian gobernurik osatzea lortu. PSOEk eskuratu zituen boto gehien orduko hartan, eta Pedro Sanchezek ez zuen gobernurik eratu. Izan ere, ez zen beste alderdi politikoekin akordioetara iritsi.
Domekan berriro hautesmahaietara deitu dituzte herritarrak. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean, hauteskunde egunaren aurreko hausnarketa egin beharko dute bihar, eta etzi 63.803 biztanle izango dute botoa emateko eskubidea. Busturialdean, berriz, 37.947 dira boto eskubidea daukatenak. Lea-Artibain, 21.623 herritarrek eman ahalko dute botoa, eta 4.233 biztanlek Mutrikun.
Orain dela hiru urteko emaitzekin alderatuta, apirileko hauteskundeetan alderdi abertzaleek gora egin zuten eskualdeotan. EAJ izan zen alderdirik bozkatuena; Busturialdean EH Bildurekiko alde nabarmenagaz, eta Lea-Artibai eta Mutrikun, berriz, boto gutxi batzuengatik.
Busturialdean 13.414 boto eskuratu zituzten jeltzaleek, eta 7.608, berriz, koalizio abertzalekoek. Lea-Artibain eta Mutrikun, ostera, jeltzaleak 7.520 botogaz nagusitu ziren, eta EH Bilduk 7.335 boto eskuratu zituen.
Hirugarren alderdi bozkatuena, 2016eko hauteskundeetan gertatu legez, Elkarrekin Podemos izan zen.
Nabarmentzekoa da apirileko hauteskundeetan EH Bildura bueltatu zirela orain hiru urteko hauteskundeetan Elkarrekin Podemosera joandako boto asko eta asko.
Lurraldez lurralde gertatu mo-dura, parte hartzea nabarmen igo zen eskualdeotan. Lea-Artibain, 2016an %33,13ko abstentzioa edukitzetik aurten %24,25era jaitsi zen, eta Busturialdean %19,22koa izan zen abestentzioa apirilean; 2016an, berriz, %27,25koa.
Zerrenda berriztuekin aurkeztu dira alderdi politiko gehienak. Hautagaiak zein euren programak aurkezteko mitinak antolatu dituzte egunotan eskualdeotako hainbat herritan. Astebete iraun duen kanpainan, boto eske aritu dira han eta hemen.
Bizkaitik, EH Bilduren Kongresurako zerrendan bigarrena da Idurre Bideguren bermeotarra; aurreko bi agintaldietan Bermeoko alkatea izan da. Roberto Uriarte bermeotarra, berriz, Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko zerrendaburua da; lehenengoz aurkeztu da.
Bideguren Kongresurako zerrendan hautagaia izan zen apirilean, eta ez zuen behe ganbaran eserlekurik lortu. Hala, EH Bilduren Mahai Politikoak ohiko bileran erabaki zuen Bideguren proposatzea senatari autonomikoa izateko. Horrela proposatu eta izendatu zuten. Uriarte, berriz, diputatua izan da kongresuan.
Oraingoan ere, lortutako eserleku horiek eta gehiago eskuratzeko nahia eta asmoa agertu dute bateko zein bestekoek.
EH Bilduk dio euskal herritarren eskubideak defendatzera joango direla Madrilera, eta pertsonak zaindu eta bizitza duinak eraikitzeko konpromisoa hartu du: “Herritarren beharrei erantzungo dien politiken aldeko hautua egiten dugu oraingoan ere, gure herriko gehiengo sozial langileari ongizate soziala eta eskubideak bermatuko dizkien eredua lortze aldera”.
Euskal herritarren lehentasunak, enplegua, pentsioak, berdintasuna, hezkuntza, ekologia edota etxebizitza duina direla diote, eta hori dela Madrilen argi zabalduko duten mezua. Euskaldunen bizi kalitateari eragiten dioten kezka eta gaiak eramango dituzte Madrilera, “euskaldunen eskubideak zabaltzen dituzten eta ongizatea hobetzen duten politikak martxan jartzeko”.
EAJk, berriz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa “portu onera” eraman gura ditu. Hala, autogobernuaren mehatxuei eta estatuaren zentralizazio nahiei aurre egiteko lan egingo dutela adierazi dute behin baino gehiagotan.
Izan ere, azaldu dutenez, Espainiako erakundeen “egonkortasuna” mantentzea, “Euskadi eta autogobernua” defendatzea eta estatuko erakundeekin hitz egiten jarraitzea dira alderdi jeltzalearen asmo nagusiak. Euskal autogobernua defendatzeko “Madrildik zuzenduko ez duten ahots propio bat edukitzea” beharrezkoa dela diote.
Elkarrekin Podemosek orain zazpi hilabeteko helburu berdinak finkatu ditu. “Botoa kontzentratu” behar dela deritzo alderdiak, “erregimenaren tapoiari pultsua eutsi diezaiokeen beso bakarra dagoelako”, eta beso hori Elkarrekin Podemos alderdia dela diote.
Busturialdeako udalerrien hautes-errolda:
- Ajangiz: 388
- Arratzu: 341
- Bermeo: 13.869
- Busturia: 1.436
- Ea: 768
- Elantxobe: 355
- Ereño: 258
- Errigoiti: 411
- Forua: 815
- Gautegiz Arteaga: 747
- Gernika-Lumo: 13.167
- Ibarrangelu: 591
- Kortezubi: 362
- Mendata: 324
- Morga: 359
- Mundaka: 1.729
- Murueta: 254
- Muxika: 1.203
- Nabarniz: 255
- Sukarrieta: 315