Zurrumurru arrazisten aurka egiteko argazki tailerra hartuko du Astrak
15 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei zuzendutako proiektu parte hartzailea da, eta elkarbizitzaren hobekuntza sustatzea bilatzen du argazki tailerrak. Hiru orduko hiru saio egingo dituzte Astran: bihar, etzi eta azaroaren 15ean.
Zurrumurru arrazisten kontra egiteko argazki tailerra hartuko du Gernika-Lumoko Astrak bihar, etzi eta azaroaren 15ean. Gernika-Lumoko Udalak Movilitik elkartearekin eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera, Klik-In proiektuaren hirugarren edizioa udalerrian egitea erabaki du.
Begiradak elkarbanatzea du helburu tailerrak, “elkarregaz beste era batera bizitzerik badagoela” baieztatu gura dutelako. 15 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei zuzendutako proiektu parte hartzailea da, eta elkarbizitzaren hobekuntza sustatzea bilatzen du.
“Klik-in proiektuagaz biztanleria migratuari buruzko mezu diskriminatzaileei buruz gazteak sentsibilizatzea, horri buruzko ezagutza sustatzea eta gako interkulturalean erlazioak sortzen laguntzea bilatuko dugu”, adierazi dute arduradunek.
Proiektuak jarduera integratzaileak bultzatu gura ditu, “bidezko eta elkartasunezko mundu bat eraikitzeko”. Elkarbizitza baketsu eta demokratikoa, giza eskubideen defentsa konprometitua eta interkulturalitatea dira gaur egungo gizartearen ondareak, eta horiek ondo baloratzea dira proiektuaren ardatz nagusiak. Horregaz, jatorri desberdinetako jendeari erlazionatzen lagundu gura diete, gizarteari egiten dieten ekarpena nabarmenduz eta bizkaitar gizartean dituzten parte-hartze eta integrazio mugak murriztuz. Izan ere, Bizkaiko beste zenbait herritan garatu dute proiektua; besteak beste, Lekeition, Getxon eta Ermuan.
Hiru saio. Hori horrela, hiru orduko hiru saioetan banatuta, era zuzen eta zeharkakoan pertsona migratuei buruzko aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruetaz hausnartuko dute parte hartzaileek Astran. Gero, aurreiritzi horiek deseraikitzeko mezuak sortu eta diseinatuko dituztela jakitera eman dute: “Mikronarratibak eta mezu digitalak sortzeko trebatuko zaie parte hartzaileei, normalean erabiltzen diren formatuak erakutsiz: memeak, vine-ak, mikrobideoak, kinogramak…”. Sortutako pieza horiek sare sozialen bitartez hedatuko dituzte, elkarbizitzaren aldeko mezuekin sareak betez eta estereotipoak deseraikiz.
Tailerra doakoa da, eta Gernika-Lumoko kulturarako fabrika sozialean gauzatuko da. Bihar 17:30etik 20:30era egingo dute, eta etzi, berriz, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Hurrengo asteko barikuan (azaroak 15) izango da azken saioa, 17:30etik 20:30era bitartean.