Lointek Gernika Bizkaia F multzoko lehen postua lortu ezinik geratu da
Perfumerias Avenidaren aurka 56-69 galdu zuen atzo talde gernikarrak. Domekan ligako partidua jokatuko dute.
Urrian Eurokopako lehen partidua Perfumerias Avenidaren aurka galdu ostean, bueltako partiduan ere porrot egin du Lointek Gernika Bizkaiak; 56-69 emaitzagaz gelditu ziren. F multzoko neurketa atzo iluntzean jokatu zuten Malosten, eta partidua amaituta Mario Lopez entrenatzailea harro agertu zen jokalariek egindako ahaleginengatik: “Pozik nago taldeak egin duen lanagaz”.
Gogo biziz hasi zuen atzoko partidua talde gernikarrak. F multzoko nagusitasuna jokoan zegoen, eta hala izanik Malostek ikuslez gainezka egin zuen. Lehen minutuetatik hasita partidu gogorra izan zen gernikarrentzat, baina publikoak ezin izan zuen ikusi esperotako partidua. Baloia eskuratzeko borroka latza izan zuten, eta etxekoek borroka horretan hutsegite asko egin zituzten. Hala ere, Belen Arrojo borroka horretatik irabazten atera zen lehen laurdena amaitu aurretik, markagailua 11-10ean utzita.
Ordutik aurrera, saskiratze bakoitza lortzeak izugarrizko ahalegina eskatzen zien bi taldeetako jokalariei; kantxa erdia zeharkatzea oinaze hutsa izan zen une askotan. Lointekekoek erritmoa jarraitzerakoan huts egin, eta baloia hemeretzi biderrez galdu zuten bigarren laurdenean. Presiopetik ihes egiteko asmoz, etxeko taldeak hainbat jaurtiketa egin ahal izan zituen laurdena amaitu baino lehen, baina saskiratzerik lortu gabe 24-27an amaitu zuten.
Bakarkako jokoa. Hirugarren laurdena hasita, Avenidakoek erasoen indarra bikoiztu egin zuten. Jewell Lloydek eta Kristine Vitolak indar betean hartu zuten partiduaren bigarren erdia, baina etxekoak ez ziren gutxiago izan. Belen Arrojok eta Nikolina Milicek osatutako bikoteak Salamancakoen saskiratzeak berdintzeari ekin zioten. “Hirugarren laurdenera arte ondo jokatzen” aritu zirela aitortu du Naiara Diez kapitainak, baina hortik aurrera aurkariek “intentsitatea areagotu” zutela ikusi zuten.
Hala ere, zortzi puntuko aldea sortu zen bi taldeen artean. Lointekeko jokalariek etxekoen babesa gehien behar zuten unea zen, eta publikoak bere lana bete egin zuen. Arrojok saskiratzeekin lan bikaina egiten zuen bitartean, Lloydek ere berbera egiten zuen. Talde lanak huts egiten zuenez, bi taldeetako jokalariak ahalik eta lan onena egiten hasi ziren bakarka, markagailua 41-46ean utzita.
Garaipenetik gertu. Hori horrela, azken txanpara bizirik heltzea lortu zuen Malosteko taldeak. Hain zuzen ere, aurrean horren aurkari indartsua izanik, horixe zen hasieratik partiduko helburuetako bat. Hori lortuta, Lointek Gernika Bizkaiakoak indarra galtzen hasi ziren. Erasoan huts egiteak egin arren, jokaldi garrantzitsuenetan defentsa onagaz agertzen baziren ere, Avenidakoek zapaldu egin zituzten etxekoak partidua amaitzear zela. Salamancako taldea 0-10eko partzialagaz aurretik jarrita, azken kolpea jaso zuen Lointekek, 56-69ra geldituz.
Diezen ustez garaipena lortzeko “gertu” egon ziren, “markagailuak adierazten zuena baino gertuago”. Hala ere, lortu dutenagatik “harro” agertu da kapitaina, eta orain arte egin bezala lanean jarraitzeko asmoa dutela esan zuen atzo, “hurrengo partiduari begira”. Izan ere datorren partidua irabaztea “oso garrantzitsua” da Lointekentzat; “ez daukagu dena ziurtatuta eta beraz lanean jarraitu behar dugu”. Hain zuzen, Eurokopako hurrengo partidua Hungarian jokatuko dute, Uni Györ-en kantxan, azaroaren 27an (eguaztena), 18:00etatik aurrera. F multzoko azken partidua, berriz, Malosten lehiatuko dute, abenduaren 4an (eguaztena). Orduan, Olivais talde portugaldarra izango da Lointek Gernika Bizkaiaren aurkaria.
Ligara begira. Bestalde, Dia Ligari dagokionez, aurkari gogorrenetarikoa izango dute aurrean domeka honetan. Spar Citylift Girona egungo liderraren kantxa bisistatuko dute, 18:00etan.