Indarkeria matxistari eta autodefentsari buruzko saioak egingo dituzte gazteek, Astran
Egurre Gazte Asanbladak eta Ikasle Abertzaleak-ek Asteburupasie antolatu dute. Indarkeria matxistak zeri erantzuten dion eta zelan aurre egin hausnartuko dute, besteak beste.
Egurre Gazte Asanbladak eta Ikasle Abertzaleak-ek, Indarkerixen aurrien autodefentsie antolatu! lelopean Asteburupasie egingo dute bihartik etzira arte, Astran.
Genero auzia eta feminismoa lantzea garrantzitsua dela iritzita, indarkeria matxista zer den jakiteaz gain, zeri erantzuten dion eta horri aurre egiteko zer egin dezaketen hausnartzea beharrezkoa dela ikusi dute.
Bihar arratsaldeko saioan, presio estetikoa eta hipersexualizazioa izango dituzte aztergai: “Emakumeok zuzenean gure gorputzetan jasaten dugun indarkeri horren inguruan berba egingo dugu”.
Etzi goizeko saioan, berriz, autodefentsa landuko dute. “Emakumeok jasaten duten azaleko zein egiturazko indarkeriei buruz berba egingo dugu. Emakume izateagatik gutxiago ordaintzen digutela, gure lan kontratuak mota batekoak edo bestekoak direla etab. Orokorrean ulertuta, horri aurre egiteko zer egin behar dugun, zelan antolatu behar garen aztertuko dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, Asteburupasie irudi batean islatuko dute etzi. Horretarako, Astra aurreko horma batean murala margotuko dute, lelo eta guzti.
Parte hartzeko deialdia zabaltzeagaz batera, biharko gaua Astran pasatuko dutenez, bertaratzeko asmoa daukatenei lo zakuak eta esterillak eroan behar dituztela gogorarazi diete.
Azarorako ekintzak. Baina, astebururako bakarrik ez, hilabete honetarako egitaraua ere dagoenerako prest dutela jakitera eman dute. Ikasle Abertzaleak-eko eta Egurre Gazte Asanbladako kideek genero indarkeariaren inguruan lanketa egitea garrantzitsua dela ikusi dute, eta beraz, gaia “forma desberdinetan” landuko dutela aurreratu dute. Besteren artean, zenbait tailer eta hitzaldi egingo dituzte azaroan.
Egitaraua:
- Bihar.
- 17:00. Sarrera.
- 17:30. Tailerra: Presio estetikoa. Hipersexualizazioa.
- 21:00. Afaria.
- 22:00. Gaubela musikatua: dethree.
- Etzi.
- 09:30. Armosua.
- 10:00. Autodefentsaz hausnartzen.
- 11:30. Mural margoketa.
- 13:30. Bazkaria.