Kantuzaleek euskal kantuz beteko dituzte Bermeoko kaleak, zapatuan
Bermeoko Kanta kanta lorueko eta Gernika-Lumoko Urdaibai kantaguneko 100 kantuzale inguru batuko dira Bermeon.
Iaz hasitako esperientziari jarraipena emanez, zonaldeko Kantu Jira egiteko batuko dira zapatuan Bermeon. Bermeoko Kanta kanta lorueko eta Gernika-Lumoko Urdaibai kantaguneko kantuzaleak izango dira kostako herrian batuko direnak. 100 kantuzale inguru ibiliko dira Bermeoko kaleetatik.
Goizean hasi eta iluntzera arte ibiliko dira euskal kantuekin herriko kaleak girotzen. Gernikarrei ongi etorria eman ondoren, pintxo jana egingo dute kantuzaleek Eskoikiz kalean. Modu horretan, eztarriak eta sabelak prestatuko dituzte egunari aurre egiteko.
Bazkal ordura arte, Lameratik eta portutik ibiliko dira kantuzaleak. Kafe Antzokian bazkaldu ondoren, eta bertan hainbat kantu egin ondoren, Lamerara jaitsiko dira berriro, agurtzeko eta azken kantuak abesteko.
EGUNEKO EGITARAUA:
10:45. Ongi etorria Euskotrenen sarreran.
11:00. Eskoikiz kalean batuko dira bi taldeak.
12:00. Taraskan abestuko dituzte eguneko lehenengo kantuak.
12:30-14:30. Kantuzaleak Bermeoko portutik eta Lameratik ibili ko dira kantuan.
15:00. Bazkaria, Bermeoko Kafe Antzokian.
17:00-18:00. Bazkal osteko kantuak Kafe Antzokian bertan.
18:00-19:00. Agurra, Lameran, Nestor Basterretxearen eskulturen inguruan.