"Inboluzio demokratikoari" aurre egiteko subiranisten ahotsa kongresura eroatea "garrantzitsua" dela dio EH Bilduk
Idurre Bideguren bermeotarrak eta Oskar Matutek Bermeoko Nestor Basterretxea aretoa bete zuten atzo arratsaldean.
Espainiako Estatua jasaten ari den “egiturazko krisiaren” ondorioz ematen ari den “inboluzio demokratikoari” aurre egiteko, EH Bilduren eta suberanisten ahotsa kongresura eramatea “behar-harrezkoa” dela aipatu zuten atzo Idurre Bideguren bermeotarrak eta Oskar Matutek Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan emandako mitinean. Aretoa bete egin zuten.
EH Bilduk hurbiltasunean irabazten duela esan zuen bermeotarrak, eta elkarrizketa ere garrantzitsua dela aipatu zuen, “horrela lortzen dira emaitzak; batzuekaz eta besteekaz adostuta”. Ardura ere badaukatela aipatu zuen, “konpromiso batzuk dauzkagu eta errealitate bat eraldatzera goaz”.
“Lau urtetan lau hauteskunde; argi dago Espainiako Estatuan sakoneko arazoak daudela. Zeintzuk? batetik, inboluzio demokratikoa, eta bestetik, egoera ekonomiko jasanezina”, azaldu zuen.
Aurrekanpainako haserrea atzean utzita, indarberrituta datozela dio bermeotarrak: “Indarrak metatzen gabiltza. Politika aurrerakoiak egiten dituzten alderdi suberanista ezberdinekin akordio bat lortu dugu. Bartzelonako adierazpena sinatu dugun alderdi ezberdinek argi daukagu egiturazko arazo bat dagoela”. Horregatik, indarrak batzeko unea dela uste du, “sufrimendu eta injustizia asko iristen dira leku ezberdinetatik”.
Matutek, bestalde, asteleheneko mahai ingurua ekarri zuen gogora, «agerian geratu zen Espainiako Estatuak inboluzio antidemokratikoa bizi duela». Horregatik, bere ustez, subiranisten arteko elkarlana da frankismoarekin amaitzeko gai den bakarra: “Gure ideia eta proposamena argia da: demokrazia, inboluzio antodemokratikoaren aurrean; askatasuna, errepresio politikoaren aurrean; duintasuna, murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean. Ez daitezela ahaztu. Subiranistak gara balantzak alde batera edo bestera egin erabakitzen dugunak”.
Domekan bozka ematera joatearen garrantzia nabarmendu zuten, “indartsu eta baikor” badaude ere, “ezkerreko bozka subiranista bat bera ere ezin daiteke etxean geratu”.