Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa Errigoitin jokatuko dute barikuan
Errigoitiko Ikuiku txokoan jokatuko dute 21:00etatik aurrera. Eskualdea bertsoz girotzea helburu duen txapelketan 19 bertsolarik parte hartuko dute aurten. Hiru saiotan lehiatuko dituzte finalaurrekoak, eta abenduaren 13an jokatuko da finala Astran.
Badator Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Eskualdea bertsoz girotzea eta bertsogintzaren oinarriak sendotzea helburu duen txapelketa da, eta aurten 19 bertsolari ariko dira puntuz puntu ideiak lotzen. Errigoitiko Ikuiku txokoan jokatuko dute lehenengo saioa barikuan, 21:00etatik aurrera.
Bizkaiko Txapelketarako prestakuntza saio bezala antolatzen hasi ziren eskualdeko txapelketa, baina prestakuntza saioa izateari utzi zion orain dela sei urte inguru. Lilibertsok, baina, eskualdeko txapelketa antolatzen jarraitu du, eta aurten hirugarrenez egingo dute: “Gure artean ondo pasatzea da txapelketaren helburua. Ez da lehiaketa bat, lagun artean ondo pasatzeko aukera baino”.
Halaber, txapelketak, eskualdeko bertsolari gazteei abesteko plaza bat eskaintzen diela ere badiote arduradunek: “Eskoletan hasi gara bertsoak lantzen, eta ikastetxetik atera eta plaza batean aritzeko aukera ona da, batez ere gazteentzat”. Aurten, Janire Arrizabalaga ariko da lehenengoz, eta Nagore Beitia eta Koldo Muñiz bertsolari gazteek ere abestuko dute. Barietate handiko eta maila desberdineko bertsolariak batuko dira Busturialdeko Bertsolari Txapelketan, eta horrek interesgarriagoak bihurtzen ditu saioak.
Herri txikietan. Lehiakortasuna baztertu eta familiarteko giroa bultzatzeko sortutako txapelketa den heinean, beste urte batez, herri txikietan aritzearen aldeko apustua egin dute antolatzaileek; Errigoiti, Muxika eta Belendizko txokoetan izango dira bertso saioak. Herri txikietan txokoak aurkitzea “erraza” dela diote, eta txapelketa ospatzeko “erraztasunak” besterik ez dituztela jartzen uste dute antolatzaileek.
Afal osteko saioak izango dira, eta publikoan egongo den jendea bertsolarien ezaguna izango da. Beste txapelketa nagusiagoetan parte hartzea baino “lasaiagoa” dela Busturialdeko Txapelketan aritzea dio: “Ez da plaza deseroso bat, ez eta publiko askoren aurrean kantatzekoa. Lagun artean egoten gara, denak gara ezagunak. Oholtzara ateratzen diren bertsolariak babestuta sentitzen dira”.
Zortziko handia, zortziko txikia, puntu eta erantzuna, eta objektu bati bertso bat egitea dira bertso saio horietan landuko dituztenak. Gai jartzaile lanetan laguntza izan dutela aitortu dute arduradunek: “Eskualdean gai jartzaile aritzen direnek lagundu digute. Eurek ere praktikatzen dute, eta guri asko laguntzen digute, mesede galanta egiten digute”.
Sailkapena. 18 bertsolarik hiru saiotan abestuko dute. Saio bakoitzean sei ariko dira, eta irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera; abenduaren 13an 21:30etik aurrera jokatuko da Astran. Gainontzeko finalistak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Onintza Enbeita iazko irabazlea ere finalean egongo da zuzenean.
Aurten, lehenengoz, zortzi izango dira finalean ariko direnak –aurreko bi txapelketetan sei bertsolari egon ziren–. Barikuan lehiatuko dute finala, aurreko urteetan zapatuz egin bazuten ere: “Aurrekoetan zapatu arratsaldez egin dugu, baina nahiko hotzak izan dira finalak. Izan ere, beste saioak oso beroak izaten dira”.
Barikukoa doako saioa da, baina afarirako 15 euro ordaindu behar dira. Afarirako izena emateko 688 36 60 97 telefono zenbakira deitu behar da. Herritarrei bertso saioetara gerturatzeko deia egin diete, “ondo pasatzeko aukera ona delako”.
Finalaurrekoak
Errigoiti.
Bihar. 21:00etan, Ikuilu Txokoan
Bertsolariak: Mikel Retolaza, Aitor Etxebarriazarraga, Koldo Muñiz, Koldo Gezuraga, Unai Agirre eta Gurutz Uruburu.
Muxika.
Azaroak 15. 21:00etan, Ariatzako Atxelipe Txokoan.
Bertsolariak: Lurdes Ondaro, Nagore Beitita, Ander Elortegi, Eneko Aldana, Beñat Bilbao eta Ibai Amillategi.
Arratzu.
Azaroak 29. 21:00etan, Belendizko Txokoan.
Bertsolariak: Julen Arzanegi, Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Jon Arano, Enare Muniategi eta Iker Uriarte.