Baionako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute Gernika-Lumon
53 urteko emakume bat hil zuten zapatuan Baionan; hori salatzeko bihar iluntzean Merkurion batuko dira.
53 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten Baionan zapatuan, azaroaren 2an. Emakumearen bikotekidea atxilotu zuen Frantziako poliziak; gizonak poliziari deitu zion bere emaztea hilik aurkitu zuela esanez. Frantziako poliziak hilketa matxista bat izan zela susmatu eta gizona atxilotu egin zuen.
Poliziak ez du emakumearen ez gizonaren izenik zabaldu, baina emakumearen hilotzak hainbat zauri zituela ikusita gizonezkoari hilketa egotzi zioten; hilketa ukatu egin duen arren espetxean sartu dute behin-behinean.
Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean, hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar iluntzean Gernika-Lumon. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Merkurio ondoan 19:30ean batzeko deialdia egin dute. 2019an indarkeria matxistak 3 emakume erail dituela salatu dute mugimendutik: hirurak Lapurdin gertatu dira.