Gertaera historikoak oinarri dituen antzezlana estreinatuko du Gernikako Antzerki Taldeak
Aste honetan bi egunetan taularatuko dute zortzi hilabetetan prestatutako lana; barikuan eta zapatuan, 19:30ean hasita, Lizeo Antzokian. Herritarrei gerturatzeko deia egin diete arduradunek.
Gernikako Antzerki Taldekoek El banco redondo antzezlana aurkeztu dute gaur goizean Elai-Alai aretoan. Aurreko urteetan egin legez, aurten ere Gernikako historian garrantzitsuak diren gertaerak landu dituzte. Izan ere, modu ludikoan, udalerrian gertatutakoak ezagutaraztea eta zabaltzea da euren asmo nagusinetariko bat.
Hala, antzerki taldekoek zortzi hilabetetan zehar prestatu dutena erakutsiko dute barikuan eta zapatuan 19:30ean Lizeo Antzokian. Antzerkiaren zuzendari eta gidoilari Vicente del Palaciok eta Isidro Rodriguez antzezleak aurkeztu dute antzerki berria, eta antzezlanean parte hartzen duten zenbait herritar ere bildu dira bertan.
Taldea osatzen duten 32 lagunek 1910. urtetik eta 1922. urtera bitartean udalerrian emandako aldaketa nagusiak antzeztuko dituzte oholtzan. Vicente del Palaciok zehaztu duenez, hiru gertaera erakutsiko dituzte oraingoan: “XX mende hasieran jasotako gertaerak lantzea erabaki dugu aurten”. Gernika-Lumoko errekaz hitz egingo dute, eta hori bideratzeko 1910. urtean egindako hiri-kanalizazioaren nondik norakoak kontatuko dituzte: “Gaur egun ezagutzen dugun erreka ingurua kanal artifiziala da, aspaldian erreka udalerri erditik pasatzen zelako. Bihurgune asko zituen”.
Halaber, Astrako armen fabrika Eibartik udalerrira hurbildu zuteneko momentua ere landuko dute. 1913. urtean zabaldu zuten Astra Gernika-Lumon, eta horrek Eibarko fabrikako langileak udalerrian egonkortzea ekarri zuen.
Antzeztuko duten hirugarren gertaera, berriz, 1922. urtean emandakoa da, udalerriak Eusko Ikaskuntzen Kongresuak hartu zituenekoa. Kongresu horiek hainbat mobilizazio eragin zituztela dio zuzendariak: “Kongresuak iraun bitartean euskal unibertsitate publikoaren aldeko mobilizazioak egin zituzten ikasleek, eta horiek ere antzerkian kontatuko ditugu”.

Lekuak ere, esanguratsuak. Gertaera horiek herriko kuadrila batek kontatuko ditu antzerkian zehar, eta talde horren bilgunea udalerriko toki esanguratsua dela kontatu dute. “Gaur egun Pasealeku ondoan dagoen loren erlojuan batzen ziren lehen herriko lagun taldeak. Banku bat zegoen bertan, gaztainondo baten inguruan, eta han elkartzen ziren bikoteak zein lagunak. Hala, estreinatuko dugun antzerkia ere bertan kokatzea erabaki dugu”, adierazi du del Palaciok.
Obrak ordu eta erdi inguru iraungo duela jakitera eman dute arduradunek, eta dagoenerako taldekideen artean urduritasunak nabari direla diote. “Urduri gaude, baina pozik egindako lanagatik”, aitortu du zuzendariak. Izan ere, antzerki amateurra diren heinean, oso gutxitan batu ahal izan direla dio: “32 taldekide gara. Nagusienak 73 urte ditu, eta gaztetxoenak 10. Denak batzeko eta entseatzeko zailtasunak eduki ditugu, baina pozik gaude egindakoagaz”.
Hala, herritarrei antzerkia ikustera joateko deia egin diete antolatzaileek, estreinatuko duten antzezlana “entretenigarria, ikustekoa eta ikastekoa” izango delako. Aurreko bi urteetako esperientziak oinarri hartuta, Lizeo Antzokia betetzea espero dute, “lagun eta senideak gerturatuko direlako”. Bertaratu nahi duenak egunean bertan erosi ahal izango sarrerak, Lizeo Antzokian.
Antzezlana gazteleraz izango bada ere, euskarari keinu batzuk egingo dizkiote, euskarazko esamoldeak landuz.