Nagusitasunez irabazi dute basurdeek
Pases Belenos RC taldea mendean hartu eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu dute basurdeek Urbietan. Bikain aritu dira bigarren zatian, eta 52-13ko markagailuagaz bukatu da norgehiagoka.
Iritsi da Gernika Rugby Taldearen denboraldiko bosgarren garaipena. Zazpigarren jardunaldia lehiatu dute gaur arratsaldean Urbietan, eta 39 puntugatik irabazi dute basurdeek. Pasek Belenos RC talde asturiarrari 52-13 irabazi diote etxeko zaleen aurrean; etxeko azken bi norgehiagokak galdu egin zituzten.
Aste honetan Christian Cabanes entrenatzailea ordezkatzea erabakita, denboraldi hasieran ezarritako helburu berdinekin jarraitzen dute jokalari eta arduradunek: Ohorezko mailara igotzea. Eduardo Maidagan eta Kemen Goitiandi dira taldearen arduradunak orain. “Denboraldi hasieran helburu batzuk zehaztu genituen ligan, eta bide horretan okertuta gendoazela ikusita, aldaketa batzuk egitea pentsatu genuen. Ez dakigu aldaketa ona edo txarra izango den, baina gaur irabaztea suertatu da”, adierazi du Eduardo Maidaganek. Hala, gaurko garaipenagaz, asmoak egi bihurtzeko beste pauso bat eman dute basurdeek.
Neurketa gogorra izan da lehiatutakoa, batez ere lehenengo zatian. Ondo zelairatu dira basurdeak, eta erasoan bikain aritu dira lehenengo hogei minutuetan. Zigor kolpe bategaz iritsi dira etxekoen lehenengo hiru puntuak bigarren minutuan; Monak lortu ditu. Asturiarrek erantzun egin diete, eta basurdeak defentsan tinko mantendu diren arren, zigor kolpez lortu dituzte bisitariek euren lehenengo puntuak (3-3).
Eduardo Maidagan: “Jokaldiak ondo landu eta markagailuan ihes egitea lortu dugu”
Etxekoek ez dute etsi, eta hainbat saiakera egin ondoren, 16. minutuan lortu dute partiduko lehenengo entsegua. Langi Lolotongak egin du marka, baina Monak ez du transformatzea lortu. Basurdeek markagailuan ihes egin gura izan dute, eta beste zigor kolpe batez iritsi dira hurrengo hiru puntuak (11-3). Zortzi puntuko aldeagaz zenbait hutsegite izan dituzte talde gernikarreko jokalariek, eta entseguagaz erantzun diete asturiarrek (11-8). Lehenengo zatiko azken hogei minutuak oso parekatuak izan dira, batak zein besteak puntuak egiteko aukerak izan dituzte, baina etxekoek lortu dituzte azkenean. Lehen zatiko azken minutuan entsegua egin, eta transformatzea lortu dute, eta markagailuak 19-8koa seinalatu du.
Lehen minutu horietan urduri jokatu dutela onartu du Maidagak: “Norgehiagoka hasi denean oso urduri egon gara, baina azkenean jokaldiak ondo landu ditugu eta markagailuan ihes egitea lortu dugu”. Zenbait hutsegite ere izan dituzte, eta horiek aurkariek eragindako akatsak izan direla uste du entrenatzaileak: “Beste taldea sendo aritu da lehen zatian, indarra eduki du”.
Nagusitasunez ihes. Bigarren zatian, baina, indarrak gutxitu eta zenbait arazo izan dituzte aurkariek. Zati horretan nabaritu da aldea. Indartsu zelairatu dira etxeko jokalariak. Partidu hasierako sentsazio onak berreskuratu, eta markagailuan ihes egiten asmatu dute. Izan ere, bost entsegu egin dituzte 45 minutuan, erasoko jokaldietan duten eraginkortasuna agerian utziz. Partiduko azken minutuan, gainera, zazpi puntuko zigor entsegua lortu dute.
Bigarren zatiko hirugarren minutuan iritsi da lehenengoa. Asturiarrak gerturatzen saiatu dira, baina errenta mantendu dute basurdeek. Partiduaren kontrola izan dute, eta zazpi minututan bi entsegu egin dituzte (38-8). Afterena izan da hurrengoa, eta Monak transformatu du. Bisitariek ere puntuak egin gura zituzten, eta 25 minutuan lortu dituzte bigarren zatian eskuratu dituzten bakarrak, entseguz. Azken minutuetan jokoa parekatu da, baina norgehiagoka irabazita zeukaten basurdeek.
Eduardo Maidagan: “Egutegi zaila daukagu aurrerantzean. Irabazten eta goian mantentzen ahaleginduko gara”
Denboraldian erakutsi gura duten jokoa erakutsi dute gaur, baina egindako hutsegiteak bideratzen jarraitu beharko dute aurrerantzean; izan ere, aurkarien puntuak hutsegiteek eragiten dituzte. Hala, hurrengo helburuak zehaztu ditu Maidaganek: “Zenbait kontu hobetu eta irabaztera joango gara Eibarrera”. Hurrengo partidua Eibarren aurka jokatuko dute etxetik kanpo.
Gabon aurreko norgehiagokak ez direla errazak dio, bi urbietan eta lau kanpoan jokatuko dituztelako: “Egutegi zaila daukagu, baina irabazten eta goian mantentzen ahaleginduko gara”.
Gaur gaurkoz, Ohorezko B mailako bigarren postuan dago talde gernikarra, 26 puntugaz. Lehenengoa da Getxo, zazpi jardunaltietatik zazpi irabazita; 34 puntu ditu. Hirugarrena da Babyauto Zarautz RT 25 puntugaz, eta laugarren postuan dago Campus Universitario Ourense RC 23 puntugaz.