Indabak protagonista, azaroko Azoka Berezian
Ekainean hasi eta abendura bitarte, hileko lehen zapatuetan azoka berezia hartzen du Gernika-Lumoko Merkatu plazak. Oraingoan, indabak izan dira protagonistak, eta jendearen joan-etorria etengabekoa izan da eguerdi partean.
Azaroko Azoka Berezia hartu du gaur Gernika-Lumoko Merkatu plazak. Ekainean hasi eta abendura bitarte, hileko lehen zapatuetan azoka berezia hartzen du, hilabete bakoitzean gai bat oinarri hartuta. Oraingoan, indabak izan dira protagonistak.
Hotzari aurre egiteko irtenbide paregabeagaz iritsi da azoka. Indabak dastatzeko gogoz hurbildu dira herritarrak, batik bat eguerdi partean. Askok plazan bertan jan dituzte, eta beste askok, ohiturari jarraituz, etxean bakatzeko eroan dituzte.
09:00etan zabaldu dute azoka, baina jendearen joan-etorria etengabekoa izan da batez ere eguerdi partean. 14:30ak bitartean, indabak dastatzeko aukeraz gain, eskualdeko lehen sektoreko ekoizleen eta artisauen produktuak jarri dituzte ikusgai. Hala, barazki, fruta, gazta eta bestelako elikagaiekin batera, besteak beste, zeramikazko eta larruzko osagarriak eta apaingarriak ere egon dira. Guztira 22 ekoizle bertaratu dira.
Halaber, txikienek ere goiz ederra igarotzeko aukerak izan dute, umeentzako puzgarriak eta marrazketa tailerra egon direlako.
Abenduaren 7an egingo dute urteko azken Azoka Berezia.