"Herritarrek salaketak jartzeko zalantzak edukitzen dituzte"
Hizkuntza Eskubideen Behatokia aro berrian sartu da. Agurne Gaubekak Garbiñe Petriatiri erreleboa hartu dio euskararen eskubideen alde egiten duen erakundearen buru bezala.
Agurne Gaubeka Erauskin (Bermeo, 1984) Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria da irailetik. Euskaldunen eskubideen urraketei erantzuteko ardura herritarrengana iristeko gogoz hartu du bermeotarrak. Hizkuntza eskubideak gainontzeko oinarrizko eskubideen parera jartzeko premia azpimarratu du.
Nola hartu duzu Behatokiko zuzendari kargua?
Ardura handiagaz, baina aldi berean, ilusio handiagaz. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatzea ohore handia da niretzat. Erronka handiak ditugu aurretik: Nafarroan, une latzak etorriko dira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurrerapausoak emateko nekatuta gaudela dirudi, eta Iparraldean, egoera larrian gaude hizkuntza eskubideen aldetik. Hizkuntza eskubideak gainontzeko oinarrizko eskubideen parera jartzea gustatuko litzaidake.
Zer nolako lana egiten duzue Behatokian?
Behatokiaren eginkizunen artean herritar euskaldunek jasaten dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztien aurrean aholkularitza eskaintzea dago; bestetik, euren eskubideak erreklamatzen laguntzen dugu. Horretan oinarritzen gara batez ere: erreklamazio horietan ez gara bakarrik gaur egun daukagun lege babesean oinarritzen. Zazpi herrialdeetan euskarak ez dauka babes juridiko bera, beraz, are urrunago goaz: giza eskubideen deklarazioan eta hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsalean oinarritzen gara. Horiek aintzat hartuta, hizkuntza komunitate guztiek eskubide berberak ditugula esaten da, eta ez direla kontuan hartu behar izaera juridiko, politiko edo dena delakoak. Horren arabera, herritar guztiei laguntzen diegu eskubideak erreklamatzen, bai arlo publikoan zein pribatuan. Azkenik, Euskal Herriko hizkuntza eskubideen egoeraren berri emateko lana ere egiten dugu.
Euskaldunek orokorrean hizkuntz eskubideen alde egiteko ohitura dutela esango zenuke?
Egia esan, kexa asko jasotzen ditugu urtero, baina horiek Euskal Herrian gertatzen diren urraketa guztien zati bat baino ez dira. Askori kosta egiten zaigu pauso hori ematea; batetik, ez gara ohartzen gure hizkuntza eskubideez, ez dago kontzientziaziorik. Gure txostenetan argi ikusten dugu herritarrak errazago jotzen duela osasungintzako sektoreagaz zerikusia duten administrazioetara kexa ipintzera beste esparru batzuetara baino; herritarrek salaketak jartzeko zalantzak edukitzen dituzte. Hizkuntz eskubideak enpresa eta bestelako erakundeetan aldarrikatu behar ditugu, eta ez dugu ohiturarik.
Herritarrek Behatokiaren lana ezagutzen ez dutelako gerta daiteke hori?
Bai. Behatokiaren lana zabaltzea izango da nire lanaren ardatzetako bat; sektore guztiei ateak irekitzea. Hizkuntza eskubideak ez dira bakarrik euskaraz dakigunon eskubideak, herritar guztienak dira. Euskararen alde egon ahal zara, jakin ala ez. Zure herriko balio modura hartu ahal da, oinarrizko eskubide modura. Oinarrizko beste eskubide batzuk oso barneratuta dauzkagu, baina hizkuntz eskubideen aldetik burumakur ari gara. Askotan norbanakoan zentratzen gara, esatera baterako, Euskaraldia bezalako ekimenekin, baina instituzioei exijitu behar diegun eskubidea da.
Beraz, eskubideen urraketa asko normaltzat hartzen dira?
Herritarra administrazio bulego batera joan eta arreta ematen dionak euskaraz ez ulertzea askotan gertatzen da. Kexa askogaz ikusten dugu hori. Askotan, beste pertsona bati itxaron beharrean, gaztelaniaz erantzutera jotzen da. Horren kontzientzia hartu behar dugu, normaltzat jo beharrean.
“Behatokiaren lana zabaltzea izango da nire lanaren ardatzetako bat”
Zer nolako kasu deigarriak aurkitzen dituzue orokorrean?
Babes juridiko eza herrialde guztietan ematen da, baina herritarrak benetan ez dira horren jakitun. Esate baterako, saltoki handiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bete behar duten araudia ez dugu ezagutzen. Egia da legedi hori berriztatu egin dutela, eta neurri asko zentroen erabakiaren esku geratu direla, ez dutelako araudia garatu. Hau da, ez daude behartuta beraien zerbitzuak euskaraz ematera. Antzeko gauza bat gertatzen da, adibidez, enpresa handi batzuekin: zerbitzua ematen duenak ez du euskaraz egiten, eta enpresak ez du isunik ordaindu behar horren harira. Herritarrek, horren aurrean, euskara erabili gura dutela esan ahal dute, baina ez dute inolako babes juridikorik hori ziurtatzeko. Osasungintzan ikusten dugunez, espezialitate askotako adituek ez dute hizkuntza eskakizunik bete behar, eta, beraz, ez dakite euskaraz. Zer dakar horrek? Biztanle askok erraztasun handiagoa dute gaitzak euskaraz medikuari azaltzeko, baina aurrean duenak hori ez badu betetzen, zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena du.
Nolako baliabideak dituzue herritarrei babes hori emateko?
Euskararen telefonoa webgunea dugu. Horren bidez, herritarrek kexak jartzeko erabiltzaile anonimo bat sor dezakete. 948-14 61 72 telefono zenbakira ere deitu daiteke norberaren egoera azaltzeko. Eta Android eta iOSerako Akuilari izeneko aplikazioa dugu: erregistratu eta edozein kexa bidaltzeko aukera ematen dugu horrela. Adibidez, gaztelaniaz bakarrik idatzita dagoen kartel bati argazkia atera, eta zuzenean guri bidaltzeko aukera dago aplikazioagaz.
Erabiltzailearen kexa jasota, beraiekin harremanetan jarraitzen duzue?
Bai, kexa jarritakoan eta horren erantzuna jasotzen dugunean, hori herritarari azaltzen diogu, eta berak aukera edukitzen du emandako erantzuna onartu, edo beharrezkoa ikusten badu, hori salatzeko. Sare sozialetan zabaltzen ditugu kexak zein erantzunak.