Feminismoa ardatz duen zine zikloari hasiera emango diote martitzenean, Astran
Filmak hurrengo bost hilabeteetako lehen martitzenetan proiektuatuko dituzte, 18:30etik aurrera Astran. Ikus-entzunezkoak bukatu orduko, solasaldirako tartea zabalduko dute.
Les Invisibles film frantsesagaz hasiko dute martitzenean Astra Zinema Paradisok eta Asunek talde feministak elkarlanean antolatu duten zinema zikloa. Hala, feminismoa modu zabalean landuko duten ikus-entzunezkoak ikusteko aukera egongo da hurrengo bost hilabeteetako lehenengo martitzenetan Astran; emanaldiak 18:30ean hasiko dira.
Feminismoagaz zerikusia duten herri mailako egitasmoak egiteko gogoa eduki dute Asunek talde feministako kideek, eta Astra Zinema Paradisogaz elkarlanean zinema zikloa egitea pentsatu dute azken hilabeteotan: “Feminismoa pil-pilean dagoen gaia den arren, horri buruz herrian ez da asko hausnartzen. Ez daude espazio jakinak feminismoari buruz hitz egiteko”. Hori horrela, feminismoa herri mailan jorratzeko, espazio berriak zabaltzea pentsatu dute asunek, eta zinemak modu ludikoan hori egiteko aukera ematen duela diote taldeko kideek: “Modu ludikoan feminismoa zelan ulertzen dugun azaltzeko aukera ematen du ziklo honek. Elkarregaz batu, berba egin eta entzuteko aukera ematen du. Espazioak sortzen ditu”.
Neguak iraun bitartean proiektatuko dituzte filmak, eta ikus-entzunezkoak aukeratzeko orduan zenbait irizpide zehaztu dituzte elkarlanean. Asunek taldeko kideen berbetan, feminismoagaz zerikusia duten gaien “aniztasuna” bermatu gura izan dute, eta filmen generoak ere kontuan hartu dituzte. “Hasieran pelikuletako gaiak, zuzendariak edota protagonistak aztertu genituen, eta film posibleen zerrenda luze bat egin genuen. Azkenean, baina, feminismoagaz zerikusia duten denetariko gaiak jorratzea erabaki dugu, gaien aniztasuna bultzatuz eta denetariko gustuak asetuz: Filmen mezua esanguratsua izatea ere bilatu dugu”, azaldu dute. Izan ere, film bakoitzak gai jakin bat jorratzen du.
Martitzenekoa kritika soziala dela zehaztu dute Astra Zinema Paradisoko kideek: “Neska batzuen nondik norakoak kontatzen ditu, euren etxetik botako dituztelako”. Lehen proiekzio hori kritika bat da, baina badaudela bestelako gaiak sakon jorratzen dituzten filmak ere azaldu dute. Bigarrena gaztetxoei zuzendutakoa da, eta Tomboyk transexualitatea lantzen du. Otsailaren 4an proiektatuko duten Amazona dokumentalak, berriz, emantzipazioa du hizpide, eta azkenak, amatasuna.
Zinema ziklo entretenigarria bultzatu gura izan dute, eta martitzena heltzeko gogoz daude arduradunak. “Gehienok ikusi ez ditugun filmak aukeratu ditugu, pelikula feskoak eta oso luzeak ez direnak”. Izan ere, filmak amaitu orduko, solasaldirako tartea zabalduko dute.
Film guztiak hizkuntza originalean proiektatuko dituztela zehaztu dute; martitzenekoa eta urtarrilekoa frantsesez izango dira, “errefuxiatuak gerturatu ahal izateko”. Halaber, herritarrei ere parte hartzeko deia egin diete.