Arimekin batzeko gau berezia
Azken urteotan galtzen joan den euskal ohitura zaharra berreskuratuko dute bihar gauean Eako, Errigoitiko eta Muxikako herritarrek, Arimen Gauean murgilduz.
Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutakoa da Euskal Herrian. Azken urteetan, baina, galdu egin den tradizioa izan da. Hori horrela, euskal ohiturak berreskuratzeko lanean dabiltza Busturialdeko zenbait herritan.
1950. hamarkadara arte, nagusiek diotenez, gutxienez herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen. Hala, oraingoan ere, antzinakoa gogoratuko dute Ea, Errigoiti eta Muxikako herritarrek bihar gauean. Gazte koadrilak elkartu, kalabazak hustu, kandelak barruan sartu, kalerik kale ibili eta mozorrotu egingo dira. Hala, arimek, mamuek eta hildakoek hartuko dituzte kaleak, izara eta maindirez mozorrotuko baitira herritarrak.
Aurten, lehenengoz ospatuko dute Arimen Gaua Muxika, Gorozika eta Ibarruriko bizilagunek Ibarrurin. Ze edo ha elkarteko kideek Oroitzapenen Bidea antolatu dute, kalabazak baitira gaur egungo eta antzinako gazteen jostailu eta lotura: “Galdutakoa berreskuratu gura dugu. Izan zirenak ez doguzelako ahaztu. Hil zirenekin elkartzeko modu berria eta bizia daukagulako”.
Azken urteetan Muxika, Ibarruri eta Gorozikan hilda egon den tradizioa dela zehaztu dute antolatzaileek, baina antzina bizi-bizi egon zen udalerrian. “Arimen Gaua ez da urruneko kontua bakarrik. Gu gazteak ginenean kabalabazak hustu egiten zituzten gurasoek, eta begiak eta ahoak ateratzen zizkioten. Gero, etxeko labaren ondoan jartzen zituzten gazteoi ikaratzeko”, kontatu du Muxikako andra batek.
Orain, hildakoekin lotura daukaten tradizioak ez direla ospatzen uste dute: “Hildakoekin lotura eduki dezaketen edozein ospakizun ospatzeari utzi diogu azken urteetan”. Hala, bideo zaharretan kalabazak jartzen zituztela ikusita eta testigantzak entzunda, ohitura hori berreskuratu eta berrasmatu dutela jakinarazi dute arduradunek: “Ohitura berreskuratu baino berrasmatu egin dugula esango nuke. Ibilbide bat antolatu dugu, oroitzapenak kontatzeko bidea hain zuzen”.
Hala, San Pedro ermitatik hasita, kalabazaz beteriko bidea egingo dute. “Bidean zehar bizien mundura etorriko dira gure herrian bizi ziren hainbat andra, eta euren bizitzako une esanguratsuak kontatuko dituzte batzuk. Beste batzuek, berriz, ipunak azalduko dituzte, edota kantu zaharrak abestu”, azaldu dute arduradunek. Ibilbidea bukatzeko, gainera, Muxikeko Andren taldeko kideek dantza bat egingo dute, “izan zirenen eta izango direnen omenez”.
Prestaketa lanak egiten ibili dira azken egunetan, eta azken ukituak egitea besterik ez zaizkie geratzen; asko izan dira hustu dituzten kalabazak. Herritar zein inguruko bizilagunei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek, eta Ibarruriko aparkalekuan 19:30ean egoteko hitzordua jarri dute.
Pasabide beldurgarria. Errigoitin bigarrenez egingo duten festa da izango da. Iaz Uria Tabernan egin zuten lehenengoz, eta herritarrak gerturatu zirela ikusita, aurten ere berriro egitea pentsatu dute. Uria tabernan batu, eta gozokiak eta pintxoak egongo dira aukeran gaur. Gainera, garajea atondu, eta pasabide beldurgarrian murgiltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Herritarrei eta inguruko bizilagunei ondo pasatzeko eta festara hurbiltzeko deia egin diete.
Ean ere, mozorroak ikusiko dituzte gaur gauean. 18:30ean elkartuko dira Eskolondon, eta beste urte batez, Pauso Txikia taldearen eskutik, merienda, txokolate jana eta musika izango dira aukeran. Antolatzaileek beldurrezko gaua igarotzeko mozorrotuta joateko deia egin diete herritarrei.