Maisu argiari gorazarre
Jon Lopategi omendu zuten Astelehen Bezperako saioan, domekan. Bertsogintzari egindako ekarpena gogoan hartu eta beragaz bizitakoak gogoratu zituzten ikasle izan zituen bertsolari zein lagunek.
Bihotzeko argi baltza atera eta gomutaren bidean eskegi zuten domekan. Jon Lopategi bertsolari muxikarrari Baltza esaten zioten, baina Bizkaiko bertsogintza argitu zuen. Hori oroitzeko bertso saioa eskaini zioten, bere oroimenak bizi dirauelako.
Hala, bertsolariagaz bertsotan ikasitakoek edo beragandik gertu egondakoek omenaldi hunkigarria bezain berezia eskaini zioten domekan Gernika-LumokoLizeo Antzokian, Astelehen Bezperako bertso saioan; sarrerak agortuta, jendetza batu zen.
“Jon Lopategi omendu gura genuen ahal zen eta erarik berezienean”, esan dute antolatzaileek, eta euren asmoak egi bihurtu zituzten. Udalerrira bertaratutako bertsolari, musikari, artista, Lopategiren ikasle eta gonbidatu guztiei eskerrak eman dizkiete arduradunek, “euren alea omenaldi bihurtzearren”.
Bertsoz bertso eta koplaz kopa, Lopategiren bizitzako narrazioa egin zuten, bizitzako pasarte bakoitzarentzako bertsoak edota koplak eskainiz.
Juan Mari Areitio eta Xabier Arriagaren Txiplas agurragaz hasi zen saioa. Gero, Lopategigaz plazaz plaza bertsotan aritutakoek hainbat bizipen kontatu zituzten, ezagutzen ez ziren une eta bizipenak ezagutaraziz. Xabier Amuriza izan zen horien berri eman zuena.
Bertsolariak Bizkaiko bertsolaritzari emandako astinduaz ere aritu ziren. Izan ere, bera izan zen bertsolaritza ikastetxeetan sartzeko aldeko apustua egin zuena. Ikasle izan eta alboan izan zituenak ere igo ziren oholtza gainera.
Josu Goikoetxeak poema bat irakurri zion, eta Mikel Urdangarinek doinu bat konposatu. Unai Iturriaga eta Igor Elortzak, berriz, kopla bat abestu zioten, beragaz bizitakoak jasoz: Maisu onak ez du berba egiten goitik, zu sentitu zintugun gehiago ondotik. Zenbat ikasi gendun, ikasi bakotik. Erdizka esandako gauzen misteriotik. Edo, akaso gehiago, isildutakoetatik.