20 parte hartzailek egin dute Eibar eta Nabarniz arteko ibilaldia
Athletic Nabarniz Elkartearen ordezkariek udalaren zein parte hartzaileen laguntza eskertu dute.
Eibarren hasi eta Nabarnizera arte 29 kilometroko ibilbidea egin zuten 20 mendigoizalek, zapatuan. Athletic Nabarniz Elkartearen urteroko hitzorduari ez zioten hutsik egin, eta mendi martxa egiteko eduki zuten “eguraldi onagaz oso gustura” egon ziren parte hartzaileak.
Zengotiagane (826 m), Oiz (1029 m), Ganbe (396 m), Astorkigana (235 m), Kanpona (504 m), Miñarria (435 m) eta Arrola (532 m) zeharkatu zituzten.
06:00etan autobusez abiatu ziren Nabarnizetik. 07:00etan hasi ziren oinez, eta lehenengoak 09:15ak aldera ailegatu ziren Oizera. Ohitura legez, salda apur bat hartu zuten bertako ermitako anoa postuan. Handi ordubetera, Astorkiganako atseden gunetik pasatu ziren, eta 11:15etarako heldu ziren lehenengoak Nabarnizera.
Parte hartzaileek pintxo bana eta edaria zituzten zain helmugan. Bazkaldu aurretik dutxatzeko aukera eduki zuten.
Hain zuzen, antolatzaileekin eta partaideekin batera “ibilaldiko beteranoak” batzen dira urtero bazkarian.
“Athletic Nabarniz Elkartetik eskertu egiten dugu udaletxearen eta partehartzailearen laguntasuna. Pozik gaude beste urte betez gehiago denon artean lortu dugulako ibilaldia egitea”, esan dute elkartearen ordezkariek.