110.000 pertsona bildu ditu Urriko Azken Asteleheneko azokak
Salmentak ondo joan direla nabarmendu dute ekoizleek. Desmuntatze eta garbiketa lanen ondorioz, bihar goizean ere itxita egongo dira Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada kaleak.
Baserrietako ekoizpenaren erakuslehio bikaina izan da, beste urte batez, Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena. Udalak 110.000 bisitari zenbatu ditu aurtengo nekazal azokan, iaz baino 55.000 gehiago. Hala, beste urte batez, urri bukaerako hitzorduak ez du hutsik egin, eta eguraldia lagun, giro bikainean murgilduta dabiltza bizilagun eta bisitariak.
Goiz hurbildu dira baserritarrak Gernika-Lumora, eta 09:00etarako prest izan dituzte 310 postuak. Goizetik, herritarren joan-etorria etengabekoa izan da, eta 15:00ak bitartean, zer saltu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Usain eta itxura berezia izan dute Artekale, San Juan, Industria, Juan Calzada kaleek eta Pasealeku eta Foruen plazak, horietan banatuta egon baitira postu eta txosnak.
Gernikako Indaba Elkarteko kideek Artekalen eduki dute postua, eta salmentak ondo joan direla aitortu du Eloisa Larrinaga ajangiztarrak: “Salmentak ondo joan dira, asko saldu dugu. Goiz goizetik hasi da jendea erosten, eta ondo joan da iazko azokagaz alderatuta”. Gaurko eguraldiak ere asko lagundu duela uste du, “eguerditik jendetza hurbildu delako”.
Olatz Aranburu Idiazabalgo baserritar gazteak, azken urteetan legez, aurten ere postua eduki du Urriko Azken Astelehenean, eta gaurkoa egun “ederra” izan dela deritzo: “Aurten eguraldi ona dagoenez, jende asko dabil eta giro ederra dago”. Azoka berezia dela deritzo, “jende asko erakartzen duena”.
Guztira, iaz baino 23 postu gutxiago jarri dituzte, eta postu gehienak artisauenak izan dira – 50-. Gaztaren 45 postu egon dira, ortuari eta barazkien 43, ogiaren eta euskal pastelaren 29, makineriaren eta txakolinaren 16, kontserben 11, fruten eta erroskila egileen 7, patearen 7, ezti eta sagardoen 5 eta lore eta esnekien 3 postu hurrenez hurren.
Eguna ilun hasi den arren, bertsolariekin batera iritsi da eguzkia eguerdian. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita igo dira oholtzara, eta ingurukoak gozarazi dituzte. Momentu horietan jendetza egon da herrigunean; batzuk postuak ikustera hurbildu dira, beste batzuk, baina, dastatzera eta erostera. Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez bete dira, eta tradizioari eutsiz, taloa jan dute askok.
Urtero modura, bertsolarien saioa bukatu bezain laster hasi dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketako sari banaketa.
Aurten, iaz saritutako batzuk ere igo dira taulagainera. Agiñagako Aguiñigak irabazi du gazta onenaren saria. Mungiako Gorekok eraman du barazki onenen garaikurra, eta lore onenak, Ortuberrirenak izan dira. Txilar eztietan, laugarren urtez, Kortezubiko Jabier Larrinaga izan da onena. Eta frutetan, Gatikako Etxebarriak jaso du sari nagusia.
Agintariei harrera. Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak ere hurbildu dira gaur udalerrira eta iaz egin legez, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumo alkateak hartu ditu udaletxean. “Jai egun handia da gaurkoa Gernikan, baserritik sortutakoa. Euskal Herriko produktu onenak biltzen ditu gaurko azokak, eta produktuen kalitatea ere oso ona da”.
EH Bildu, EAJko zein beste talde politikoetako ordezkariak elkartu dira, eta alderdi bateko zein besteko politikariei elkarlanean lan egiteko deia egin die Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. “Alderdi politikoak herramintak besterik ez dira, herritarrentzako onena bilatzeko lan egin behar dutenak”. Hala, Gernika-Lumo zein Bizkai, Araba eta Gipuzkoa hobetzeko proiektuak egin behar direla uste du, baina lan horiek egiteko ezinbestekoa dela elkarregaz lan egitea deritzo: “Adostasunetik eraiki behar ditugu proiektuak, eta bide horretan lan egin behar dugu denok. Indarrak batu eta aurrera egin”.
Hala eskualdeko zenbait alkateri oroigarri bat eman die, eskualdean denok elkarregaz lan egiteko deia eginez. Oroigarria Koldo Carbonelek, Julen Carrionek, Mikel Magunazelaiak, Mikel Bilbaok, Karmele Enbeitak, Iratxe Arriolak eta Patxi Egurrolak jaso dute.
Egurdian batu da jende gehien Gernika-Lumon, baina arratsaldean ere azokako egitarauagaz jarraitu dute. Iluntzean, gainera, zesta partiduekin gozatzeko aukera izango dute Jai Alai frontoian. Halaber, goizean hasitako festak jarraipena izango du Astran, porru festaz gozatzeko aukera baitute parte hartzera animatzen direnek.
Udalak gogorarazi duenez, bihar goizean ere itxita egongo dira Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada kaleak, desmuntatze eta garbiketa lanak direla eta.