Artea bateratzeko asteburua heldu da Bermeora
Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera hartu ditu dagoeneko Azalien asteburu kulturalak. Bihar arte mota guztietako artea bermeotarrei helarazteko gogo biziz daude Barrueta Arte Elkarteko antolatzaileak.
Bermeoko Barrueta Arte Elkarteak hirugarren urtez abiarazi du Azalien izeneko asteburu kulturala. Ekimenak mota guztietako arte eta kultura diziplinak batu ditu udalerriko Kofradi Zaharrean: eskualdeko hamabost bat artistak sortutako lanek hartu dute Bermeoko eraikin historikoa, sormenez betetako asteburua hasita.
Atzo iluntzean inauguratu zuten aurten amalurra ardatz modura hartu duen hirugarren Azalien. Salmahaiak herritarrei irekitzeagaz batera, Mundakako Katillotxu Emakumeen Elkarteko kideek dantza saioa eskaini zieten Kofradi Zaharrean batu zirenei. Ostean, Khons taldeak kontzertua eskaini zuen, asteburu kulturalaren lehen eguna era ezin hobean bukatzeko.
Gaur 11:30ean berriz ireki ditu ateak egitasmoak. Hainbat izan dira bertan jarritako erakusketa desberdinak ikustera hurreratu diren herritarrak: giro ederrean, koadro bildumagaz batera eskuz landutako hainbat artelan ikusi ahal izan dituzte, baita bideo dokumental eta film laburrak ere. Eguerdian ekimenean dagoeneko ohikoak egin diren kale marrazketa eta bustingintza tailerrak hasi dituzte. Etxeko txikienek ondo pasatzeagaz batera beraien sormena agerian uzteko aukera bikaina eduki dute.
Uneko sormena. 13:00etan Arrate Egaña idazle bermeotarrak hitzaldia eskaini die kofradi barruan kokatu duten hitzaldi areto txikian. Izan ere, ekimen barruan uneko sormena sustatu gura izan dute antolatzaileek: hitzaldiekin batera egur lanketa edo zizelkatze erakustaldiak, birziklatutako eskulturen sorkuntza, zuzeneko mikroantzerki saioak, graffiti edota margotze tailerrak edota zeramika gaiak modelatzeko jarduerak hartzen ditu bere baitan asteburu kulturalak. Horietako asko unean bertan antolatzen dituzte, parte hartu nahi dutenek horrela eskatuta.
Arratsaldean bertara hurreratu eta ekimenagaz gozatu nahi dutenek 18:00etatik aurrera izango dute hori egiteko aukera. Musikak ere bere txokoa izango du gaur: 19:30ean Witxita DJak saio berezia eskainiko du. 22:00etatik aurrera Magnetico Grupo Robot taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, eta ostean berriz Witxitak hartuko du musika jartzearen ardura.
Bihar izango da ekimen kulturala egingo duten azken eguna. Berriz ere 11:30ean irekiko dituzte ateak. 13:00etan Perfomance Rootseko kideen dantza saioak hartuko du kofradia. Amaitzeko, Gatom rap kantari bermeotarrak bere azken diskoa aurkeztuko du zuzeneko kontzertu baten bidez, 14:00etatik aurrera.