Kataluniako auziaren konponbidea elkarrizketa dela diote Gautegiz Arteagako udal ordezkariek
Espainiako Gobernu eta indar politikoei auzia bide onetik eramateko eskatu diote Gautegiz Arteagako udal ordezkariek. Aho batez onartu dute Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako zigorraren aurkako mozioa.
Gautegiz Arteagako Udalak aho batez onartu du Kataluniako Proces epaiari buruz Auzitegi Gorenak emandako sententziaren aurkako mozioa: “Erabaki benetan larria da, auzo politiko baten judizializazio arduragabea dakarrena”.
Auzia bide onetik eramateko eskatu diote Espainiako Gobernu eta indar politikoei, eta irtenbidea elkarrizketan dagoela uste dute: “Auzi hau bide onetik eraman detzatela eskatzen diegu, epaiak dakartzan ondorio pertsonal eta politikoak arintzeko bidea ekarriko duten klonponbideak bilatuz. Elkarrizketari aukera bat emateko eskatzen dugu”. Hori horrela, irtenbidea elkarrizketatik iritsiko dela diote, “elkarrizketa ireki, eraikitzaile eta demokratiko batetik”. Kataluniako biztanleriaren gehiengoaren borondatea asebetetzeko erantzuna emango dion negoziaketatik, “hiritargoak etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukalako”.
Hala, prozedura judizial hori ez zela inola ere eman behar adierazi dute arteagako udal ordezkariek: “Ebazpen eta auto juduzialen gainetik ere, auzi politiko horrek bere horretan jarraituko du, eta zigor esparrura eramanda, are indar handiagoarekin. Momentu guztietan esan dugu prozedura judizial hau ez zela sekula eta inola ere eman behar”.
Hori horrela, espetxean dauden eta epai horrek zigortzen dituen kataluniar ordezkarien askatasuna eskatu dute Gautegiz Arteagako agintariek, “epaitutako gertakariak esparru politikora mugatzen direlako”. Hala, euren elkartasuna adierazi diete egoera horrek kaltetzen dituen pertsona, senide eta erakunde politiko eta sozialei. Era berean, epai “bidegabeak” behar duen erantzun irmoa bide baketsu eta demokratikotik konpondu behar dela deritze: “Epai bidegabe honek behar duen erantzun irmo, bare eta anitza kataluniarrek baliatu duten bide beretik eraman behar da; hau da, bide baketsu eta demokratikotik”.