Jon Lopategi omenduko dute Astelehen Bezperako emanaldi berezian
Bertsogintzari egindako ekarpena gogoan hartuko dute. Ikasle izan zituen bertsolariak batuko dira. Sorkuntzaren beste esparru batzuetan dabiltzanak ere igoko dira oholtzara.
Agortuta daude Gernikako Lilibertso bertso eskolaren Astelehen bezperako bertso saiorako sarrerak. Otsailean hil zen Jon Lopategi bertsolaria omenduko dute aurtengo saioan, Lizeo Antzokian, 18:00etatik aurrera.
Bertsoa ardatz hartuta beti ere, aurten beste arte espresio batzuez ere gozatu ahal izango da. Ekitaldian, 2019an hil den bertsolariagaz bertsotan ikasitakoek edo “beragandik hurbil” egondakoek parte hartuko dute. “Jon Lopategik, bere irakasle ibilbide horretan, bertsolari asko sortu ditu, baina artista dezente ere bai, bere sasoian bertsotan ibilitakoak eta orain beste modalitate batzuetan dihardutenak”, esan du Lilibertso eskolako Ander Elortegik. Horregatik, aurtengo saioa ez dute bertsoetara mugatu nahi izan, saioan entzun ahalko dena zehazterik ez duten arren. “Xabi Paya bertsolaria ariko da aurkezle zereginetan. Berak darama gidoia, eta ez dakigu zehatz saioa zelan josiko duen”.
Lopategiren hurbilekoak
Sei lagun bertsotan ariko dira. Lau, Lopategiren ikasle izandakoak: Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Fredi Paia; eta Euskal Herri mailako beste bi: Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus. Artista gonbidatuei dagokienez, muxikarraren ikasle izan eta alboan izan zituenak etorriko dira, hain zuzen ere, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Mikel Urdangarin eta Josu Goikoetxea, eta baita beragaz plaza asko egin zituen Xabier Amuriza ere; “euskal kulturari asko eman diotenak, denak ere”.
Argi egin zuen Baltza
Argi baltza izenagaz bataiatu dute Astelehen Bezperako ekimena, Igor Elortzak Lopategi hil berritan idatzi zuen artikulutik hartuta. “Lopategiri Baltza esaten zioten; eta berba joko horregaz erakutsi nahi da Baltza-k ‘argi’ egin zuela bertsogintzan, sasoi batean Bizkaian bertsogintzari argia eman ziolako, bertsolaritza baserri munduagaz eta edadeko gizonezkoekin lotzen zen garaian. Lopategik egin zuen apustua bertsolaritza ikastetxeetan sartzeko, eta bera izan zen Bizkai mailako bertso eskola askoren sortzaile”.