Bertako nekazarien produktuak erabilitako sortutako baserriko ogia
Errigoitiko Oraska okindegiak lurragaz eta nekazaritzagaz harreman zuzena duen produktua eskainiko du azokan. Oraska Gernikako azokan egongo den lehen aldia izanik, ilusio handiz hartuko dute astelehena.
Orain bi urte baino gehiago hasi zuen ibilbidea Errigoitiko artisau ogi ekologikoa egiten duen Oraska okindegiak. Maddi Amezagak azaldu duenez, orain bost bat urte pixkanaka-pixkanaka hasi zen ogiaren mundu horretan sartzen; familiakoentzako eta adiskideentzako ogiak eginez hasi zen, produktuen eskaintza zabala duen okindegia sortu arte.
Aurreko urteetako Urriko Azken Asteleheneko Azokako ekoizleei laguntzen aritu bada ere, aurtengoa izango da Amezagak Oraskako ogia Gernika-Lumoko azoka garrantzitsuenean salgai jarriko duen lehen aldia.
Ilusio handiagaz itxaroten du eguna: “Urriko azken astelehen batean jaiotakoa naiz, eta amak beti esaten zidan nekazaria edo parrandazalea izango nintzela. Bietatik apur bat hartu dut, eta astelehenean lehenengoz egongo naiz azokan”.
Salmahaian astero egiten duen ohiko ogi eskaintzagaz batera, azokara begira sortutako ogi bereziak eramango dituela aurreratu du: “Baserriko ogi integrala, haziekin egindakoa, zekalezko edota espeltako moldeko ogia egiten ditugu normalean. Astelehenean, gainera, artoagaz edota gari bereziekin egin-dako ogiak edukiko ditugu”.
Beste ekoizle batzuekin berba eginda, Gernikakoa “ondo saltzen den azoka” dela dio Amezagak, “baserriei, lurrari eta ekoizle txikiei lotuta dagoen azoka”. Hala izanik, bere lana ezagutzera eman eta azoka amaitzen denerako norbere postua zein beste ekoizle txikienak hutsik ikustea gura duela dio. “Gu lan honetatik ez gara aberasten, bizitzeko ematen digu”. Ekoizle txikien artean dagoen “elkartasuna” nabarmentzen du Oraskakoak: “Ez gara gure artean konpetentzia egiten”.
Nekazariak protagonista. Horren harira, egiten duen lana beste nekazari eta ekoizleengandik hasitakoa dela azpimarratu du okinak. Oraskaren ekoizpen metodoaren “protagonistak” nekazariak dira Amezagaren berbetan: “Beraiek ekoizten dutenaren arabera moldatzen saiatu behar gara, eta beraien lanetik ahalik eta produktu onena sortzen “. Hala izanik, “nekazaritzara lotutako ogi bat sortzea” izan da bere helburua.
Nekazaritzarekiko daukan “pasio” horregaz jarraituta, garia ereiteko ohitura berreskuratzeko gogoa ere azaldu du. Bizkaian gariaren ohitura galdu egin dela dio, eta “sinbolikoki” baino ez dela ereiten. Garia erein, batu, errotatik pasatu eta ogia egiteko erabili gura du Errigoitikoak “ilusio handiagaz” hartu duen proiektua.
*ALEX ZUBIAREN ZUTABEA: Gernika, Ezpeleta eta klima aldaketa