Ea, Ibarrangelu, Busturia eta Muruetako mugapen berriak onartu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan
Aho batez onartu dituzte Urdaibaiko lau udalerrietako mugapen aldaketak. Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran urietako hondakinen kudeaketari eta industria politikari buruz ere eztabaidatu zuten.
Ea, Ibarrangelu, Busturia eta Muruetako mugapen berriak aho batez onartu zituzten atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran; Gernika-Lumoko Batzarretxean batu ziren politikariak.
Hori horrela, 2.997,63 metro karratu Muruetatik banatu, eta Busturiaren esku geratuko dira. Halaber, 1.658,56 metro karreatu Busturiatik kendu eta Muruetako Udalarenak izango dira, Etxetxubarri eta Ganpe artean. Eako eta Ibarrangeluko aldaketari dagokionez, M17 eta M18 mugarrien artean beste mugarri bat jarriko dutela adierazi dute, gune hori Eako Udalaren esku utziz.
Iraskunde, Gobernu On eta Gardentasun Batzordeak muga berrien aldeko iritziak eman ostean, Urdaibaiko lau udalerrietako mugapenak aldatzearen alde bozkatu zuten osoko bilkurako batutako agintari guztiek.
Mozioei, ezezkoa. Mugen aldaketak adostu ondoren, EH Bilduk proposatutako bi mozio eztabaidatu eta bozkatu zituzten.
Alde batetik, 11/2005 Foru Araua berriztatzeko eta adinekoen egoitzei buruzko 126/2019 dekretua egokitzeko eskatu zuten alderdi abertzalekoek, baina eztabaidatu eta gero, ezezko jaso zuen proposamenak. Izan ere EAJ eta sozialisten ezezko 32 boto jaso zituen mozioak. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek proposamenaren alde egin zuten, eta talde berezia abstenidu egin zen.
Bestetik, Uriko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integral berriaren idazketan gizartearen, teknikarien, espezialisten eta Bizkaiko udalen parte hartzea bultzatzeko eskatu zuten koalizio abertzalekoek. Elkarrekin Bizkaia taldeak zuzenketa bat eskatu zuen, gai horretan zeresana duten erakundeekin gutxieneko bi bilera egiteko eskatuz, eta herritarren parte hartzerako webgune bat zabaltzeko eskatuz. Bi alderdi politikoak adostasunera heldu ziren, baina osoko bilkuran ezezkoa jaso zuen proposamenak. Izan ere, aurreko mozioagaz gertatu moduan, jeltzale eta sozialistek ezezkoa bozkatu zuten.
Saioak EH Bilduk aurkeztu zuen arauz besteko porposamen bategaz jarraitu zuen: Bizkaiko Foru Aldundiari 2020ko aurrekontuak egiteko herritarren partaidetzarako proiektu pilotua diseinatzea eskatu zuen, “lurraldeko eskualdeetan informazio saioak antolatuz”. Hala, baina, arauz besteko proposamenak ez zuen aurrera egin.
Lurraldeko industria politikari buruzko azterketarako batzorde bat sortzeko eskaeria egin zuten Elkarrekin Bizkaia eta EH Bilduk, eta horri buruz eztabaidatu zuten. Eskaria ez zen onetsi, aldeko baino kontrako boto gehiago izan zituelako.