Ekoetxea Urdaibaik Natura Babesteko 15. Nazioarteko Foroa hartuko du
Bihartik barikura bitartean 20 adituk gizakien eta naturaren arteko harremana aztertuko dute; egitasmoa hainbat jardunalditan banatu dute.
Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komiteak urtero egiten duen topaketa nagusia, Natura Babesteko Nazioarteko Foroa izenekoa, Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxea Urdaibain egingo dute aurten. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aipatutako komiteagaz batera antolatu ditu jardunaldiak.
Antolatzaileek azaldu dutenez datorren urteko ekainean Marseillan (Frantzia) egingo den Naturari buruzko Munduko Kongresuaren aurretik egingo den azken ekitaldia izango da bihar hasiko dutena. Komiteak Ekoetxea garapen jasangarriaren inguruko ikasketa eta saiakuntzaren arloko espazioa delako aukeratu du foroa ospatzeko egoitza nagusia.
Egitasmoak ingurumenaren arloko hainbat aditu batuko ditu bihartik hasita barikura arte Madariaga Dorretxean kontserbazioari, klima aldaketari eta naturan oinarrituriko irtenbideei buruz hausnartu eta konponbideak aztertzeko. Zehazki, Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasunaren programa eta ekimenen garrantziaz, erakundea osatzen duten kideen interesez eta aurrera eraman beharreko jarduerez eztabaidatuko dute foroan.
“Planetaren etorkizunerako une erabakigarrian, ezinbestekoa da gizakiak gogoan izatea naturaren zati bat dela eta horren menpekoa dela bere biziraupena espezie gisa bermatzeko”, azaldu dute antolatzaileek. Bertan aterako dituzten ondorioak Nazioarteko Naturaren kontserbaziorako Kongresura eramango duen “programaren parte” izango dira.
Jardunaldiak. Eguaztenean foroa komiteko kideen batzarragaz hasiko dute. Hurrengo egunean izango du hasiera ofiziala ekimenak jardunaldi irekiekin; eztabaidagaiak hiru taldetan banatuko dituztela aurreratu dute. Lehenik klima aldaketaren erronkari buruz ariko dira. Horretarako Aitor Zulueta Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak Klima Aldaketari buruzko etorkizuneko Euskal Legearen gakoak aurkeztuko ditu. Ostean ingurumena eta landa eremuari buruz ariko dira, eta azkenik etorkizuna aldatzeko tresnen inguruan hausnartuko dute.
Barikuan egingo dituzten jardunaldiak mundu guztiarentzako irekiak izango direla azaldu dute, baina batez ere komiteko kideei zuzenduta egongo dira. Egitasmoa amaitzeko komiteak eratutako 2021-2024ko programaren proiektua aurkeztuko dute: bertan Zhang Xinsheng batasuneko presidentea ariko da azalpenak ematen, Skype bidez.
Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek komitearen webgunean izena eman beharko dute. Partaideen kopurua mugatua dela jakinarazi dute antolatzaileek.
1.300 entitatek sortutako erakundea. Batasunak 16.000 aditu eta 1.300 entitatez osatutako erakundea da. Bere helburu nagusia “natur ondarea berreskuratu, kontserbatu eta modu jasangarrian erabiltzea” da. Horietatik 40 entitate Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komitearen barne aurkitzen dira. Komiteak “topaketarako eta eztabaidarako gune gisa” funtzionatzen du, bere ezagutza sareen bitartez “esperientziak trukatu eta kideen arteko lankidetza sustatuz”.
Egitaraua:
Bihar:
- 16:00-17:00. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komitearen zuzendaritza batzordearen batzarra.
- 17:30-19:00. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Batasuneko kideen batzarra.
Etzi:
- 08:30. Parte hartzaileen etorrera eta materialaren banaketa.
- 09:00-10:00. Hitzaldi markoa Alejando Zearreta EHUko Geologia adituagaz. Antropozenoa eta klima aldaketa.
- 10:00-10:20. Foroaren aurkezpen ofiziala. Aitor Zulueta Ondare Naturala eta Klima Aldaketa Zuzendariak eta Juan Antonio Lopez Jaime Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komiteko batzordeko presidenteak parte hartuko dute.
- 10:20-10:40. Klima Aldaketaren Euskal Legea, Aitor Zuluetagaz.
- 10:40-11:00. Biodibertsitatea eta klima aldaketara egokitzea, Sonia Castañeda Fundacion Biodiversidad-eko zuzendariaren eskutik.
- 11:00-11:20. Ekosistemen lehengoratzea eta klima aldaketarekin duen lotura, David Moreno Basque Centre for Climate Change-eko ikertzaileagaz.
- 12:00-13:00. Hitzaldi markoa Jeronimo Lopez doktorearen eskutik: Eskualde polarrak aldaketa klimatikoaren testuinguruan.
- 13:00-13:20. Landa eremua, Natura eta pertsonak, HAZIko Mikel de Franciscoren eskutik.
- 13:20-13:40. Mehatze ondarearen lehengoratzea: biodibertsitatea eta aldaketa klimatikoaren gaineko eraginak, Antonio Pizarrogaz.
- 13:40-14:00. Kontserbaziorako lurralde antolaketa, Mikel Rafa Catalunya-La Pedrera fundazioko Lurralde eta Ingurumen Arloko zuzendariagaz.
- 14:00-15:00. Bazkaria eta networking-a.
- 15:00-15:30. Poster eta materialen aurkezpena.
- 15:30-15:50. Eremu pribatu babestuak eta gizarte ekimenak. Kontserbazio esperientziak Urdaibai Biosfera Erreserban, Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgogaz.
- 15:50-16:10. Turismo Iraunkorraren Europako Gutuna, Javier Gomez-Limonen parte hartzeagaz.
- 16:10-16:30. Geoparkeak: Lurraren memoria, pertsonen etorkizuna, Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparke Globaleko kidearen eskutik.
- 16:30-16:50. Aisialdiko jarduerak eta hegaztien fauna, Aranzadi Zientzia Elkarteko Aitor Galarzagaz.
- 16:50-17:10. Jasangarritasun energetikoa, Alvaro Perez de Laborda Energiaren Euskal Erakundeko kideagaz.
- 17:10-17:30. Natura turismoaren jasangarritasuna aitortzeko sistema Natura 2000 Sarean. Marta Viu Trantsizio Ekologikorako Ministerioko eta Biodibertsitaterako eta Ingurune Naturalerako Zuzendariordetza Nagusiko kideren parte hartzeagaz.
- 17:30-18:30. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komiteko kideen lan taldeen bilera.
Barikua, urriak 25:
- 09:00-09:45. 2021-2024 Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komitearen Programaren zirriborroaren eta Komitearen Munduko Kontseilurako hautagaien aurkezpena, Zhang Xinsheng batasuneko presidenteagaz.
- 09:45-10:00. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komiteko 2021-2014 Mediterraneoko programaren ildo estrategikoak: Lan programa eta Ipar Afrikan garatutako ekintzak, Marcos Valderrabano komiteko Mediterraneoko Lankidetza Zentroko kidea.
- 10:00-11:00. 2020 Nazioarteko Naturaren kontserbaziorako Kongresuan bozketarako onartutako kideen mozioen aurkezpena.
- 11:00-14:00. Landa irteera eta Foroaren itxiera. (Urdaibai Biosfera Erreserbako Interpretazio Zentrua / Begiratokia / San Kristobaleko hegaztien behatokia).