Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute
Bermeotik Gernika-Lumora arteko autokarabana zaratatsuan batu ziren Busturialdeko herritarrak bariku iluntzean. Presoek eta preso gaixoek bizi duten eskubide urratze egoera salatu zuten.
Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu zuten Busturialdeko herritarrek bariku iluntzean. Autokarabana zaratatsuan Bermeotik Gernika-Lumora arteko bidea egin zuten, eta Mundakan eta Busturian egin zituzten geldialdiak, “eskuorriak banatuz preso gaixoek bizi duten egoeraren berri eman asmoz”.
Presoek eta preso gaixoek bizi duten eskubide urratze egoera salatzeko azken geltokia izan zen Gernika-Lumoko ospitalea. Larriki gaixo dauden presoak etxera! leloa zeraman anbulantziaren atzetik iritsi ziren herritarrak auto ilaran. Hala, gaur egun 21 direla larriki gaixo dauden euskal presoak nabarmendu zuten; horien artean dago Kepa Arronategi preso gernikarra. “Presoek pairatzen duten gaitzari ezohikoa den espetxe politika baten egin behar diote aurre, espetxeak berak osasunaren zaintzari dagokionean sortzen dituen zailtasunei eta bestelako zailtasunei aurre eginez”.
Agertu zutenez, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenerako espetxe politikak eragin zuzena dauka beraien osasunean: “Gaixo dauden presoen kasuan gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu espetxe politikoak, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena duelako presoen osasunean”. Espetxeek ez dutela behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen ere gaineratu zuten, bertako baldintza “kaxkarrek” eragin negatiboa dutela ozen esanez.
Salbuespen politika desagertzen ez den bitartean larriki gaixo dauden presoak “heriotzara kondenatuak” izaten ari direla salatu zuten. “Horren erakusle da, orain artean preso hauen etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana”.
Arronategi gogora. Arronategik 22 urte daramatzala espetxean gogoratu zuten: “Presondegi ugari ezagutu ditu, guztiak Euskal Herritik kanpo. Lehen graduko erregimen zorrotzean egon da beti, bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik, familia eta senideetatik urrunduta”. Guzti horrek gernikarraren osasunean eragina izan duela “ukaezina” dela esan zuten, “espetxe politika ankerra sistematikoki aplikatzearen ondorioa baita”.
Halaber, iaz, Arrontegi Zuerarako espetxera lekualdatzea pauso garrantzitsua izan zela esan zuten, “baina ez bere egoerak eskatzen duen adinakoa”. Hala, etxean egon beharko lukeela aldarrikatu zuten, espetxea ez dela bere egoera artatzeko leku egokia esanez.
Horregatik, hurrengo hilabeteetan preso gaixoen aldeko aldarriarekin bat egitera deitu ditu herritarrak Sarek, “guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera aldatzea”.