Herriko emakumeak izango dira 2020ko egutegiaren protagonistak
2019ko Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketan parte hartu gura dutenek azaroaren 8ra arte dute argazkiak aurkezteko aukera. Parte hartzaile bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ditzake.
2019ko Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketari buruzko informazioa jakinarazi du udalak. 2020ko egutegia osatzeko Herriko emakumeak gaia aukeratu dute. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu gura dutenek gai hori islatzen duten irudiak aurkeztu beharko dituzte.
Azaroaren 8a (barikua) da argazkiak aurkezteko azkenengo eguna. Herritarrek Zubieta Errotako liburutegian utzi ahal dituzte (USB batean eroanda) edo liburutegia@hizkaia.org helbide elektronikora bidali ditzakete. Egilearen izen abizenekin eta harremanetarako datuekin batera, argazki bakoitzaren azpian noiz eta non ateratakoa den zehaztu behar dute.
Parte hartzaileak bi kategorietan banatu dituzte: 16 urte artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahal ditu, eta edozein teknika eta kolore onartuko dute. Hala ere, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate handienean aurkeztea eskatu dute.
Gogorarazi dutenez, argazkiak Muxikako argazki artxiboaren parte izatera pasatuko dira: “Lehiaketara aurkeztutako lanak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, eta berak izango ditu eskubide guztiak, beti ere egilearen izen abizenak aipatuz”.
Sariak. Argazki lehiaketaren sariak abenduaren 1ean egingo duten Euskara jaian banatuko dituzte, 13:30etik aurrera.
Nagusien lehiaketan hiru sari hauek banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarraren argazki onena. Irabazleek udalerriko jatetxen batean bi pertsonentzako otordua irabaziko dute. Partaideek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso.
Gaztetxoen artean, ostera, sari bakarra banatuko dute: argazki onena. Argazkilaritzako materiala erosteko 60 euroko txartela emango diote irabazleari.
Aurreko urteetan modura, oraingoan ere argazki guztiekin erakusketa osatu, eta Zubieta Errotan egongo dira ikusgai.