Elkartasun keinuz ospatu dute X. Euskal Jaia, Kanpantxun
Eguerdian elkartu dira ajangiztarrak Kanpantxuko plazan, eta Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagi independendisten alde egiteko koreografia dantzatu dute herriko gazteek. Ostean, baserriz baserri egin dute poteoa.
“Esan liteke folklorea metaforaren zientzia ez bada, gutxienez, babestutako ezagutza bat dela. Hizkuntza baliabidearen atzean gordea dagoena. Garai batean, gure arbasoek sortu, eta egun, gure nortasunaren adierazgarri dira. Gure herri txikiaren adierazle. Hori horrela, entzun ez zena konta dezagun. Entzun ezin zena, konta dezagun. Beraien kontakizuna baita gure memoria. Gure ondorengoek ahaztu ez dezaten gorde behar dugu altxor hau. Bizitzan gehien balio duten gauzak ez baitira kauzak. Ongi etorri hamargarren Euskal Jaira”.
Bozgorailutik ondoko hitzak entzutearekin batera elkartu dira Kanpantxuk plazan ajangiztarrak. Izan ere, hamarkada bat bete du aurten Ajangizko Euskal Jaiak, eta urteurrenari ekiteko logoa sortzeaz gain, aldarrikapen bereziarekin ospatu dute: Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagi independendisten alde egiteko koreografia dantzatu dute herriko gazteek.
12:00etan ziren Euskal Jairako prestatutako ekintzak hastekoak, baina euriak eraginda ordu laurden atzeratu dute. Hala ere, eguraldiaren beldur izan gabe jende andana hurbildu da jaiaz gozatzera. Musika doinu modernoak euskal dantza tradizionalekin uztartu dituzte dantzariek. Estelada eta ikurrina fuusionatuz bukatu dute emanaldia, ikusleen txalo zaparradaren artean.
Kittu taldeak eman dio jarraipena ospakizunari, izan ere, euskal kanta ezagunenak interpretatu dituzte baserriz baserri auzotarrek egin duten potea musikatuz. Zenbait kataluniar abesti ere sartu dituzte errepertorioan, elkartasuna keinun gisa.
Eguerdian, frontoian batu dira, entsalada, berakatz sopa eta gisatua bazkaltzeko, eta ohiko postrea ere ez dute faltan izan: gazta eta menbrilloa. Arratsaldean, herri kirolen desafioa izango dute. Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko kideen aurka ariko dira herritarrak aurrez aurre.
Eguna amaitzeko ardura musikariek hartuko dute. Gaur argi taldeak erromeria eskainiko du, eta ostean txosnako musikak girotuko ditu Ajangizko Euskal Jaiko azken uneak.